Bost atxilotu egunotan, ustez hipodromoan eta Urbilen lapurtzeagatik

Noaua Aldizkaria 2013ko mai. 9a, 00:00

Guztira bost lagun atxilotu ditu Ertzaintzak astearte eta asteazken honetan, ustez Urbil merkatal guneko zenbait saltokietan eta Zubietako hipodromoko instalakuntzetan lapurretan aritu edo saiatzeagatik. 

Astearte arratsaldeko 13:00ak aldera gertatu zen, hipodromoko ustezko lapurreta saiakera. Herritar batek Ertzaintzara deitu zuen, ustez hipodromoko instalakuntzetan lapurtzen ari zirela berri emanez. Antza, bi lagun hipodromoko biltegira sartzen saiatu ziren, eta poliziaren sirena hotsak entzunda, kamioi batean ihes egiten ahalegindu. Ertzainak gertaera lekura gerturatuak ziren ordurako, eta kamioia geldiarazi zuten. Bi lagunok identifikatu zituen, eta kamioia miatu zuten. Ibilgailua txatarraz betea eta hipodromoko makinaria gunera sartzeko atea behartua zegoela ohartu ziren. Horregatik, aipaturiko bi lagunok, 35 urteko gizonezko bat eta adin txikiko 15 urte beste lagun bat atxilotu zuen Ertzaintzak, ondarearen aurkako delitua egotzita. Gerora, adin txikikoa aske geratu eta gurasoen esku utzi zuten. 35 urteko gizonezkoa berriz, epaileen esku.

Lapurretak atzo, Urbileko zenbait saltokitan 
Atzo arratsaldean bestalde, 30, 32 eta 35 urteko beste hiru gizonezko atxilotu zituen Ertzaintzak. Saltoki desberdinetako jantziak lapurtu izana egotzi zaie hiru lagun hauei. Guztia, atzo arratsaldeko 20:00ak aldera gertatu omen zen. Antza, Urbileko denda desberdinetako produktuak lapurtu omen zituzten eta gero, kotxean merkatal gunetik alde egitea lortu. Ertzaintzak ordea, Belartzako errotonda inguruetan susmagarria zen autoa gerarazi zuen. Barruan, gerora atxiloturiko hiru lagunak zihoazen, eta haiekin, Urbileko saltoki desberdinetako hainbat arropa, baita denda hauetako alarmak desaktibatzeko lanabesak ere. Ostutako materialaren kostuak, 900 euroko muga gainditzen zuen. Hiru lagunak Hernaniko ertzain etxera eraman zituzten. Epaileen esku utzi dituzte.