ELA, M30eko greba orokorraz: "Hautsa harrotu eta mobilizazio garaia da"

Noaua Aldizkaria 2013ko mai. 9a, 00:00

"Alternatiba dugulako, beste politika batzuk derrigorrezkoak direlako" bat egin du Buruntzaldeko ELAk maiatzaren 30erako Hego Euskal Herriko gehiengo sindikalak deitu duen greba orokorrarekin. Sindikatuko kideek agerraldia burutu dute gaur goizean, Hernaniko Biteri kultur etxean. Bertan, grebarako hainbat arrazoi daudela azaldu dute; zerga-politikak zuzena ezartzeko, aurrekontuak gizartearen zerbitzura jartzeko, pentsioetako murrizketak ekiditeko, soldata jaitsierei aurre egiteko, patronalaren asmoei aurre egiteko, eskubide sozial eta laboral duinak behar ditugulako, maiatzaren 30ean "denok kalera" ateratzeko deia egin diete herritarrei.

Hauxe da, gaurko agerraldiaren harira Buruntzaldeko ELA sindikatuak kaleratu duen prentsa oharra:

Dagoeneko 6. GREBA OROKORRA da Euskal Herrian azken 4 urteetan egiten duguna. 2009. urtean genioena, bete egin da: EZ BADITUZTE BESTE POLITIKA BATZUK EZARTZEN, LANGILEOK ORDAINDUKO DUGU, GUREA EZ DEN KRISIA ETA BIZI ETA LAN BALDINTZAK OKERRERA JOKO DUTE. Ez dituztenez beste politika batzuek egin, Hego Euskal Herriko gehiengo sindikalak eta mugimendu sozialek, maiatzaren 30erako Greba Orokorra deitu dugu.

Galtzaileen itxaropena da mobilizazio eta greba orokorra
Gure lan eta bizi baldintzak estu hartzea erabaki dute eta horretan dihardute, erabat temati. Krisiaren aitzakia denaz baliatzen direlarik, aginte ekonomikoak eta kapitalarenak herritarren gehiengoa pobretzea erabaki du, gutxi batzuen mesedetan. Gainera horretan bidelagun topatu dituzte agintari politikoak haien esanei burumakur eta adeitsu obeditzen dutelarik. Politikak, tamalez, uko egin dio gizarte orekatua eta solidarioa garatzeari. Horregatik hartzen eta garatzen dituzte neurri ekonomiko guztiak jendarte gehiengoaren aurkako neurri bidegabeak dira. Urte askotako borroka luzeen ondorioz lorturiko eskubideak galbahe mehetik pasa eta oraindik geratzen den apurra suntsitzen ari dira. Benetan ikaragarria.

Neurri andana gizartea pobretzeko
Esparru guztiak murriztu dituzte, ongizatea adieraz dezakeen oro murriztu dute. Norbanakoari eragin dion neurriren bat izango da, dudarik gabe, aginte politikoak hartu duena azkena urteotan, baina horrez gain kolektiboa pobretzeko hartutakoak beldurgarriak dira. Eta gu, sindikatua, norbanakoa eta kolektiboa gara. Zor publikoa eta defizitaren mugak ezarri dituzte beti ere zorra bankuei ordaintzeko, zilegitasunik gabekoa bada ere, pentsioei horzkada zorrotza eman diete helduen kalterako eta gazteak erretreta duina izango duten itxaropenarekin amaitzeko, aurrekontu publikoak murrizketen oinordekoak dira eta prestazio sozialak txirotzearen ispilu, zerga-politika eztabaida mediatiko hutsala bilakatu da ezer alda ez dadin, enplegua eta langabezia txanpon bereko xantaiarako gai bilakatu da patronalaren eskutik, lan eta negoziazio kolektiboaren erreforma indar kolektiboa suntsitzeko burutua dago, langileak ahuleziaren bidean kokatuz, krisi ekonomikoari alternatiba ez den soldataren aurkako erasoaldiak atzerakada handiagoa ekarriko duela nabaria da...eta beste hainbat eta hainbat neurri lazgarriak.

Hautsa harrotu eta mobilizazio garaia da
Gizarte aurreratuetan ere jendartearen mobilizazioak ekarri du herritarrontzat makina bat eskubideen aitortza. Ez dago beste biderik, exijitu gabeko oparirik ez baita eskaintzen nolanahi. Agintariek gizartea lokarturik nahi dute, txintik esan gabe onartzea murrizketak gauzatzea beste erremediorik ez dagoela eta laster batean irtengo garela krisi madarikatu honetatik. Bai zera! Ondo asko ezagutzen ditugu beren errezetak, beti betikoen aurka lerrokaturiko errezetak baitira. Baina errepikatzen duten bake sozialaren leloak ez du jendartea konbentzitzen dagoenekoz. Asaldatzeko garaia da, oldartu eta neurri bihozgabeoi aurre egiteko garaia, hain justu. Makina arduradun politikok, patronalaren deklinazio berbera erabiliz hau ez dela mobilizazio eta greba orokorraren ordua, denok elkar lana egitekoa baizik diote. Noiz, horietako arduradun batek egoki ikusi du greba egitea? Inoiz, inoiz ez dira agertu grebaren alde, eta ezta agertuko ere. Zertara dator, bada, esatea orain ez dela momentua? Guk erabaki dugu planto egitea eta kalera irtetea. Demokrazia bera ere badago zalantzan. Makina kasutan, benetan agintzen dutenak ez daude gobernutan, garrantzizko erabakiak hemengo gobernuetatik kanpo hartzen baitira.

Greba orokorra alternatibak mahai gaineratzeko
Alternatiba dugulako, beste politika batzuk derrigorrezkoak direlako maiatzak 30 bitartean greba alternatiba sozializatuko dugu, lantokietan, herrietan eta gizartean oro har. Greba orokorrak klase borrokak indarrean dirauela eta gure interesak defendatzen ditugula gogorarazteko eta indarrak biltzeko balioko digu. Planto egiteko garaia delako, politika neoliberalaren funtsa biluztu eta haiei aurre egiteko garaia delako, beste politika batzuk posible direlako EUSKAL HERRIAN, alternatiba dugulako maiatzaren 30ean denok kalera.

Laburbilduz

GREBARAKO ARRAZOIAK

Zerga-politika zuzena ezartzeko.
Euskal alderdi politikoek baztertu egin dute fiskalitate politika zuzena gauzatzea eta gizartearen zati handi batek hau larrutik ordaintzen du. Erreforma estrukturalak behar ditugu, azken urtetan egindako bidean atzera egiteko eta zerga-politika progresibo eta bidezkoa ezartzeko.

Aurrekontuak gizartearen zerbitzura jartzeko.
Egungo aurrekontu politiken ondorioz langabezia, desberdintasuna eta pobrezia hazi egingo dira. Zerbitzu publikoen kaltetan datoz neurri guztiak, eta beharrizan handia dutenak prestazio sozial urriak izatera kondenatzen dituzte.

Pentsioetako murrizketak ekiditeko.
Pentsioak begiz jo, erretiratzeko adina 67 urtera igo eta prestazioak murriztu nahi dituzte. Honek guztiak bankuei egiten die mesede, pentsio-funts pribatua negozio aukera bikaina baita.

Soldata jaitsierei aurre egiteko.
Jende gutxiagok lan egitea nahi dute, baina ordu gehiagoz eta soldata urriago baten truke. Honek langabezia gehitu eta pobretzea areagotzen du. Aldiz, soldaten alde eginez gero ekonomia erre ala, enplegua eta gizartearen kohesioa defendatzen da.

Patronalaren asmoei aurre egiteko.
Patronalak beste lan erreforma bat eskatzen du hitzarmenen edukiak indargabetzeko. Hau lotsagabekeria bat da. Bestalde, enpresario-klase honek eutsi egiten dio xantaiari eta langabeziaren mehatxuari, enpresetan murrizketak ezartzeko eta etekinak ugaltzeko.

Azken finean, eskubide sozial eta laboral duinak behar ditugulako

? Instituzio guztiei Rajoyk inposatu nahi dituen murrizketak ez aplikatzeko exijitzeko: etxebizitzan, zerbitzu publikoetan, osasungintzan, hezkuntzan, menpekotasunean, pentsioetan, langabezia-sarietan, eta abar.

? Euskal Administrazioei euren politiketan errotiko aldaketa exijitzeko: gizarte-prestazioetan, hezkuntza sisteman, osasun arretan, etxebizitza eta gizarte-zerbitzuetan ezarritako murrizketak indargabetzea.

? Aukera-berdintasun politikak diseinatzeko, lana eta bizitza pertsonala uztartzeko politika eraginkorrak. Lan produktibo eta erreproduktiboaren banaketa.

? Aberastasunaren eta lanaren banaketan oinarrituko den lan harremanen eta babes sozialerako euskal esparrua lortzeko.

? Eskubide sozial eta laboralen errespetuan eta justizia sozialean oinarrituko den eredu berri baten eraikuntzaren alde egingo duen Eskubide Sozialen Gutuna bultzatzeko.

GORA EUSKAL GIZARTEA ETA LANGILERIA!

GORA GREBA OROKORRA!

MAIATZAK 30ean DENOK KALERA!

Irudia: Txintxarri.