"Eman hartu nahi duzun mundua! Eskuetatik eskutara. Parte hartu jai giroan aldarrikapena eginez", mezua zabaltzen ari dira antolatzaileek biharko Mundumob ekimenari begira. Gogoan izan, bihar 18:00etan grabatuko da jai giroan. Zizka mizkak izango dira, Dj Albertok girotuko du hitzordua. Aurretik, 17:00etatik aurrera, Mundumob azken aldiz entseatzeko aukera izango da.
Baita gaur ere, 19:00etan hasita frontoian, Ana Urdangarin eta Izadi Azkonobieta herritarren gidaritzapean. Joan den maiatzaren 4an Orendainen hasi eta ekainaren 8an Donostian amaitu arte, Mundumob Gipuzkoako hainbat herritan ospatuko da. Larunbat honetan hemen, Usurbil Zero Zabor taldekoen eskutik. Eurek, antolatzaileek, herritarrak parte hartzera gonbidatzen dituzte.
"Mundumob, Gipuzkoa zeharkatuko duen ekimena da. Herritarrak printzipio nagusi baten inguruan biltzea da Mundumoben helburua: "Guztiok daukagu mundua aurreko belaunaldiek jaso zuten aukera berdinekin jasotzeko eskubidea, eta ondorioz, guztiok daukagu mundua hurrengo belaunaldiei jaso dugun aukera berdinekin uzteko bete beharra". Iraunkortasunaren aldarrikapena da azken finean egingo duguna. Ideia hori lelo nagusian laburtu dugu: "Eman hartu nahi duzun mundua". Mezuaren bektore nagusia herritarrek gorpuztuko duten kantu koreografiatu bat izango da. Horrekin batera, eskutik eskura ibiliko dugun mundu bolak lagunduko digu ekimenean emango dugun mezua zabaltzen”, adierazi zuten. Hainbat herri eragileek atxikimendua adierazi zuten ekitaldian bertan. Guztiek larunbat honetako hitzorduan parte hartzera animatu zituzten herritarrak, “guztion esku baitago guretzat eta gure ondorengoentzat etorkizun hobeago bat lortzea. Eman hartu nahi duzun mundua!", deitzen diete herritarrei.
Hauek dira, Mundumob ekimenari lotuta, gaurko eta biharko deitu diren hitzorduak:
Maiatzak 10, ostirala
19:00 Entsegua frontoian.
Maiatzak 11, larunbata
Dema Plazan:
17:00-18:00: entsegua
18:00: GRABAKETA
Ondoren:
- Zizka mizkak - DJ
- Mundu bolarekin argazkia ateratzeko aukera