Antolatzaileek aurtengorako hautatu duten leloak dioen moduan, "Hogeita abar urte" beteko ditu Herri Urratsek. 30 guztira, igande honetan, maiatzaren 12an ospatuko den Ipar Euskal Herriko ikastolen aldeko jaialdiak. Senpereko aintzira euskaltzalez beteko da beste behin, etziko hitzorduan. Urteurren berezi hau, 80. hamarkadan ospaturiko lehen edizio harekin lotu nahi izan dute. Orduko hartan, jaialdi honetan bildutako laguntza Kanboko Xalbador ikastola eraikitzeko baliatu zen. Hiru hamarkada beranduago, igandean jasotako laguntza, ikastola berritzera bideratuko dute.
Ohi bezala, Euskal Herriko herrialde izenak izango dituen zazpi gunez osatuko da ibilbidea, eta horri, haurren txokoa gehitu behar. Goizean hasi eta arratsaldeko azken ordura arte, ekitaldi eskaintza zabala iragarri dute antolatzaileek. Musika, ikuskizunak, jan edana... Denetarik izango da Senperen.
Maiatzaren 12ko egitaraua ondoko irudian klikatuta eskura dezakezue. Eta Herri Urratsi buruzko informazio zabala, web orrialde honetan: www.herrirurrats.com