Pintxo poteoa erraldoiekin, San Ixidro Egunean

Noaua Aldizkaria 2013ko mai. 10a, 00:00

Berrikuntzekin dator, asteazkenean, maiatzaren 15ean ospatuko den San Ixidro Eguna. Eguneko ekitaldien artean, arratsaldeko 18:30etarako, Usurbilgo Gaztetxetik abiatuko den erraldoi konpartsarekin kalejira antolatu dute. Eta kalejira horrek osatuko duen ibilbidean zehar, pintxo poteoa egingo da. Hitzordu hau antolatzen elkarlanean jardun dute, Usurbilgo Erraldoien Konpartsak eta Hurbilago Elkarteak. Sagardoa bultzatu asmo dute, "1. Sagastiak Loretan" ospakizun ekimenen baitan burutuko den ekitaldi honen bidez. Hala, pintxoa eta sagardo trago bat euro batean eskuragarri izango dira datorren asteazkenean. Eta sagardoa ez den beste edariren bat nahi izanez gero, edatekoa eta mokadua 2 eurotan. 

Pintxo poteoa, Hurbilago Elkartekoak diren bost taberna hauetan egingo da: Txapeldunen, Artzabalen, Bordatxon, Aitzagan eta Txiribogan. 

Bazkaritarako txartelak salgai, bihar arte
Pintxo poteo eta kalejira honez gain, San Ixidro Eguneko ospakizunak goizeko meza nagusiarekin hasiko dira. Hamaiketakoa eta herri kirolak ospatuko dira gero Dema plazan. Eta eguerdian, bazkaria antolatu dute Artzabal jatetxean. Otordurako txartelak salgai egongo dira bihar arte, Alkartasuna Kooperatiban. 

Hona hemen, aurten, "1. Sagastiak Loretan" ospakizun sortaren baitan ospatuko den maiatzaren 15eko San Ixidro Egunerako lotu duten egitaraua:

Maiatzak 15, asteazkena
SAN IXIDRO EGUNA

10:30 Meza Salbatore Elizan.
Ondoren, hamaiketakoa eta herri kirolak frontoian.
14:30 Bazkaria Artzabalen. Txartelak Alkartasuna Kooperatiban salgai, maiatzaren 11ra arte.
18:30 Herriko erraldoi konpartsarekin pintxo poteoa.