XVI. mendeko dolare baserria berreskuratu dute Aginagan, Sariaaundi. "1. Sagastiak Loretan" ospakizun ekitaldien artean, eraikin historiko hau ezagutzeko bisita gidatua antolatu du NOAUA! Kultur Elkarteak. Maiatzaren 18an, 17:00etan bertaratu ahal izango da Sariaaundira. Eta bertan, bi adituren azalpenak entzuteko aukera egongo da, baserria barrutik ikusi ahal izateaz gain. Luis Alberdi arkitektoak eta Jakoba Errekondo paisajistak emango dituzte, Euskal Herriko lehenengoetarikoa den baserri honen inguruko zehaztasun guztien berri.
Ekitaldira joateko, aurrez lekua hartu
Hilaren 18an, Aginagako Sariaaundi ezagutzera bertaratu asmo duzuenok, aurrez lekua hartzea eskertuko genizueke. Bisita gidatuaren ostean luntx txiki bat izango baita, eta bertan zenbat lagun bilduko diren jakinda, jan edan ere hobeto kalkula liteke. Aipaturikoa, ekitaldira joateko asmoa duzuela baieztatzeko, NOAUA!ra etorri eta izena eman, edota egoitzako telefono zenbaki honetara deitu dezakezue: 943 360 321. Bestela idatzi email bat, elkartea@noaua.com helbidera. Maiatzaren 17a baino lehen.