Dolareen argazki erakusketa, Sagardo Egunaren bezperatan

Noaua Aldizkaria 2013ko mai. 10a, 00:00

Bederatzi egun baino ez XXXII. Sagardo Eguna ospatzeko, aurten "1. Sagastiak Loretan" ospakizun sortaren baitan. Usurbildarrentzat bereziena den urteko hitzordu honen aurretik eta ondoren, ekimen desberdinak antolatu ditu herri eragile talde batek, elkarlanean. Edozein kasutan, Sagardo Egunaren Lagunak taldeko kideek antolatu dute Sagardo Eguna, baita hilaren 19an, eta bezperatan Sutegin ikusgai egongo den erakusketa ere; Usurbilgo baserrietako dolareen argazkien ingurukoa hain zuzen.

Erakusketa, maiatzaren 16an irekiko dute. Hilaren 16an eta 17an, arratsaldez zabalduko dute: 18:00-20:00 artean. Asteburuan, hilaren 18an eta 19an (Sagardo Egunez alegia), goizez, 10:00-14:00 artean. Irudi bilduma ikusteko aukera izateaz gain, erakusketa zabalik dagoen tartean gainera, Sagardo Eguneko aurreko edizioetako edalontziak ere salgai jarriko dituzte antolatzaileek, 2 eurotan. Sagardo Egun guztietako edalontzien bilduma osoa ere erosi ahal izango da Sutegiko aretoan, 40 euroren truke.

Azkenik, hemen doakizue aurrerapen moduan, Sagardo Egunaren Lagunak taldekoek, maiatzaren 19ko Sagardo Egunerako antolatu duten egitaraua:

Maiatzak 19, igandea
Goizean zehar, txaranga eta trikitilariak kaleetan zehar.
10:00-14:00 Sutegiko aretoan: “Usurbilgo baserrietako dolareen argazkiak” erakusketa.
11:30 Irekiera.
Une horretatik aurrera, baserriko, Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko eta Labeleko sagardoa dastatzeko aukera. Honez gain, pintxo aukera zabala.
Arratsaldean ere txarangaz gozatzeko aukera.
17:00 Erromeria Fun&Go taldearekin.