Mikel Erguin, Mundumob ekimenari buruz: "Koreografia birziklatzean pentsatuta prestatu dut"

Noaua Aldizkaria 2013ko mai. 10a, 00:00

Zubietako 2011ko flashmob ekimeneko koreografia sortu zuen Mikel Erguinek. Baita larunbat honetako Mundumob ekimenekoa ere. Duela bi urteko magia errepikatzera animatzen ditu herritarrak. Lan askoko egunotan, NOAUA!-ko galderei erantzuteko tartea hartu du. 

Nola diseinatu duzu koreografia hau?
Koreografia birziklatzean pentsatuta prestatu dut. Erraza baina ikusgarria da. Birziklatzea isladatu nahi izan dut zenbait mugimenduekin. Hasieran lurrean eskuak batetik bestera mugitzearekin norberaren konpromisua adierazi nahi izan dut, materialak leku batetik bestera eramatea. Errotaren mugimenduarekin ere antzekoa. Koktelera izenez ezagutzen dugun pausuekin birziklatzearen fasea...

Mundu bola bat izango da ekimeneko irudia. Dantzan ere presente izango dute herritarrek?
Koreografian ez dago mundu bola irudikatuta. Mundu bolak herritarrak daudela adierazten du eta dantzan herritarrak presente daude. Koreografian zehar eskuak zabaltzen ditugunean hor dago mundua. Herritarrek osatzen dugun mundua. 

Zubietako flashmobeko zenbait pauso ere berreskuratu dituzue tartean. Ordukoa baino mugituagoa da dantza hau ezta? Zer ezberdintasun ditu honako koreografia honek duela bi urtekoarekin alderatuta?
Antzeko pausu batzuk baditu, aurrekoak ezagunak egiten zaizkigulako. Eskubira, ezkerrera, atzera eta aurrera. Baina ez da berdina. Ezberdintasunak egon badaude, saltoak, birziklatzeko materialekin dantzatzeko asmoa...

Dantza egitea kosta egiten omen zaigu askotan. Baina ez zirudien hori hala zenik, duela bi urte Zubietako flashmobean. Nola oroitzen duzu egun hura?
Gero eta gutxiago kostatzen zaigu. 2011n ez genekien zer zen flash moba. Orduko prestaketa asko igertzen da orain. Oraingoan errazago hartzen dute, arratsalde batean. Zubietako flash moba zoragarria, majia izugarria, jende guztiaren konpromisua, olatuaren indarra, zero zaborren lana... Hori dena koreografian ikusi zen. Magikoa, oso magikoa izan zen. Sorpresa izan zen 2000 herritar dantzan jartzea. Magikoa.

Eta aurtengoari begira, herritarrek erraz ikasi al ditzakete Mundumob ekimeneko dantza koreografiatuko pausoak?
Bai. Hiru zati ditu, bat ikasi eta besteak erraz hartzen dira, aldaketa txiki batzuk besterik ez dituzte. Erraz ikasi eta disfrutatzeko, gozatzeko, ... denbora dago. Herrietan antolatzen ari diren entseguetan edo zero zabor taldeko web orrian tutoriala jarraituz ikas daiteke.

Herritarrei gonbita. Zer esan maiatzaren 11n, usurbildarrak dantzara animatzeko?
Usurbildarrei zer esan? Jarraitzeko zareten bezalakoak izaten, kriston indarra daukazue, Dema plaza betetzeko, duela bi urteko magia errepikatzeko eta zaila izango bada ere mejoratzeko alaitasunez eta borobiltzeko. Aupa Usurbil! Hoi den/k mundu guztiari! Muxu haundia.

Irudia: Gipuzkoa Zero Zabor.