Dema plaza adin desberdinetako herritarrez bete zen larunbatean. Denak ere dantzan egoki moldatzen direla erakutsi zuten. Euren ahaleginak gainera, badu bestelako meriturik ere, dantzatuz, guk jasotako mundua, datozen belaunaldiek ere aukera berdinekin jaso ahal izatea aldarrikatu baitzuten. "Eman hartu nahi duzun mundua" lemapean ospatu zen herenegun, Gipuzkoako hainbat udalerrietan barrena dabilen Mundumob ekimena.
Haiek ere dantzan aritu ostean, Lasarte-Oriako bizilagunen eskutik jaso zuten ekimen honen irudi bihurtu den mundu bola, herriz herri dabilen lekukoa, eta Dema plazako oholtza gaineko lehen lerroan kokatu zuten, herritarren txalo artean. Ongi etorri honekin hasi zen, dantza saioaren aurretik burutu zen ekitaldia.
"Eredu on bat ematen ari gara"
Adierazpenen txanda gero. Ekimen honen helburua zein zen gogorarazi zuten, Usurbil Zero Zabor (UZZ) taldeko ordezkariek. "Helburua, herritarrok aldarrikapen nagusi baten inguruan biltzea da. Guztiok daukagun mundua aurreko belaunaldiek jaso zuten aukera berdinekin jasotzeko eskubidea. Eta ondorioz, guztiok daukagu mundua hurrengo belaunaldiei guk jaso dugun aukera berdinekin uzteko betebeharra. Iraunkortasunaren aldeko aldarrikapena da azken finean egiten duguna. Ideia hori lelo nagusian laburtu dugu. Eman hartu nahi duzun mundua. Asmo horri erantzuten, aitzindariak izan ginen usurbildarrak Euskal Herrian hiri hondakinak modu arduratsuan gaika biltzeko ireki genuen lerroan.
Gure amon aitonek erein eta zaindutako ingurualdi eder bat daukagu. Maite dugu gure herria. Eta gure ondorengoek ere maite dezaten eta ez hondatzea da gure eginkizuna, azken finean gure ardura. Eta pozik gaude, alai, umorez pertsona hobeak gara, elkarri lagunduz. Elkarrekin lorpen handiak egi bihurtzen direla sinetsita baikaude. Egin duguna, egiten ari garena izugarria da. Herri txikia izan arren, lortu dugu ingurumenaz gehiago kezkatzea Gipuzkoa osoa. Asko begiratzen digute usurbildarroi, eredu on bat ematen ari gara. Eta mezu hori hedatzen lagunduko digu joan zen asteburuan Orendainen abiatu eta Gipuzkoan zehar dabilen Mundumob kanpainak. Gaur Usurbilen dugu", adierazi zuten UZZ-tik.
"Aldarrikatzen dugun etorkizun hobeagoaren isla da ekimena"
Ekimena jende askoren laguntzaz gauzatu dela gogorarazi eta txalotu zuten antolatzaile zein herritarrek. Parte hartzailea izan dela, iazko Donostiako mosaiko erraldoian gertatu moduan, baita 2011n Zubietako flashmob ekimena egin zenean bezala. "Aldarrikatzen dugun baikortasuna eta konpromisoa daude ekimenaren muinean. Aldarrikatzen dugun etorkizun hobeagoaren isla da ekimena, giro alai eta parte hartzailearekin burutuko duguna. Ezin dugu mundua neurririk gabe hondatzen eta kutsatzen segi. Natura erabiltzen ikasi behar dugu. Natura hondatu gabe. Biharkoan ere bizia izan dadin. Gaurkoan hazia ereiten jarraituko dugu. Eman hartu nahi duzun mundua", aldarrikatu zuten oholtza gainetik, bertaraturiko herritarren txalo artean.
Adierazpenen ostean, eta ekitaldian zehar, belaunaldi desberdinetako herritarrak bildu eta Gipuzkoako maparen irudia zuen puzzlean Usurbilgo pieza kokatu ostean, iritsi zen unea. Aurreko asteetan, eta larunbat arratsaldean, Ana Urdangarin eta Izadi Azkonobieta herritarren laguntzarekin prestatutako dantza saioa egin zen. Pare bat aldiz. Bigarren saioan gainera erronka berri batekin; herritarrek eskuetan ontzi arinak zituztela dantza egin zuten. Eta dantza saioaren ostean, merezitako askaria. Zizka-mizkek eta Dj Albertok girotu zuten arratsaldea.
Donostiara begira orain
Lasarte-Oria, Astigarraga, Pasaia, Legazpi, Mutriku, Azpeitia, Zarautz, Getaria, Tolosa, Beasain, Elgeta, Soraluze, Amasa-Villabona... Orendainen abiaturiko Mundumob ekimena udalerri guztiotan, eta gehiagotan ere ospatuko da asteotan. Hemen ere burutu da jada, baina adi. Usurbildarrek, gainerako gipuzkoarrek bezala, beste hitzordu bat dute eta; ekainaren 8an, Donostian amaituko da Mundumob eta hara joateko gonbita ere luzatu zuten larunbatean. Gipuzkoa mailako amaiera ekitaldia izango da hiriburukoa. Donostian ere dantzan aritzeko, entsegu saio gehiago deitzekoak dira datozen asteotan.
Hauxe da, Mundumob ekimenaren abestiak dioena:
Gugan bizitza gugan
gure eskutan
loratzean
Nun gu, gu garen mundu
mundu segundu bakoitzean
Bere lur azalean
gure gorputzean
Pasa bizi arnasas
eskuetatik
eskutara
Jende, kultura, mende
guztiak gure
eskuetan
Auzo, mendi, itsaso,
zeru ta baso
guztietan
Jaso dugun mundua
datozenei pasa
Pasa bizi arnasa
eskuetatik
eskutara
Kantua: Karlos Gimenez.
Letra: Jon Maria.
Ahotsak: Ze esatek Javi Rodil eta Ines Osinaga.
Koreografia: Mikel Erguin zarauztarra.
Irakasleak: Ana Urdangarin eta Izadi Azkonobieta.