Datorren maiatzaren 30erako antolatua dagoen greba orokorra prestatu eta "gazteok pairatzen dugun miseria egoera ankerrari aurre egiteko" gazte blokea osatzeko deia egin dute Usurbilen, gaur arratsaldeko 19:00etan frontoian.
"Egoera hau jasangaitza da", adierazi dute hitzordu honen deitzaileek, NOAUA!ra bidali duten mezuan. Eta horrez gain, "egoera honetan ez dugu ezer galtzekorik". Horren harira, gazte blokea eraikitzera deitzen dute Usurbilen.
Astelehen arratsalde honetarako egin duten deialdiari begira, hauxe da NOAUA!ra helarazi duten mezua bere osotasunean:
"Nazkatuta gaude langabeziaz. Nazkatuta gaude praktiketako kontratu prekarioez. Nazkatuta gaude duintasun gabeko enpleguez. Nazkatuta etxebizitza eskubide izan ordez, luxu izateagatik. Nazkatuta gaude emakumeok behin eta berriz patriarkatuak zapalduak garelako. Nazkatuta gaude zapaltzen gaituzten baloreak erreproduzitzen dituzten hezkuntza jasotzen dugulako. Nazkatuta gure etorkizun oparoaz behin eta berriz hitz egin, eta orainaz ahazten direlako ... NAZKATUTA GAUDE GAZTE IZATE SOILAGATIK ZAPALDUAK GARELAKO!!!
Egoera hau jasangaitza da. Gazteoi miseria besterik ez digute eskaintzen. Egoera honetan ez dugu ezer galtzekorik. Goazen batzera, elkarrekin hausnartzera, elkarrekin oihukatzera, elkarrekin borrokatzera ... GOAZEN ELKARREKIN GAZTE BLOKEA ERAIKITZERA!!!
Usurbilgo gazteriari gazte blokea eraikitzeko deialdia luzatu nahi zaio, maiatzaren 13an, 19:00tan Usurbilgo frontoian. Gazte guztiok batera lortuko dugu!!! Gora Usurbilgo gazteria!!! "