Ekaineko lehen igandean ospatu ohi den Ikastolaren Eguneko Haur Hezkuntzakoen ikuskizunak 25 urte beteko ditu aurten. Mende laurdena, omenaldi baten inguruan oroitu nahi dute. Imanol Urbieta kanta egilea omenduko dute. “Garrantzia handia eman dio Udarregi Ikastolak Imanolen musika pedagogiari eta beti saiatu da musika heziketa ildo horretatik bideratzen”, adierazi dute Udarregitik. Beraz, antolatzaileen esanetan,“zer hobeto omenaldia haurrek eskaintzea baino?”. 25. urteurreneko ikuskizuna, ekainaren 2an, 12:00etatik aurrera, Oiardo Kiroldegian.
Bazkaritarako txartelak salgai
Ekainaren 2an ospatuko den Ikastola Eguneko bazkaritarako txartelak salgai jarri dituzte Udarregiko idazkaritzan. Bazkaritarako bi menu prestatuko dituzte; bat helduentzat, bestea haurrentzat. Helduena, 15 eurotan eta menua hauxe izango da: paella, kokots-uhala, postrea, kafea eta kopa, edariak eta ogia. Haurrentzako menua berriz, 7 eurotan jarriko dute: makarroiak, solomoa eta chips patatak, postrea, edaria eta ogia.
Ikastola Eguneko bazkarian berrikuntzak txertatu dituzte antolatzaileek, Udarregiko web orritik berri eman dutenez. "Aurten berrikuntza bezala eta giro alai eta hurbilago bat sortzeko gurasoek prestatuko dute bazkaria, horretarako, zuen laguntza-eskaera egiten da hainbat lantaldeetan parte hartzeko: garbiketa, muntaketa, janari prestaketa, janari banaketa... Animatu zaitezte!!!", egin dute deia ikastolatik.
Egun osoko festa
Bazkalurretik eta ondoren, egun osoko jaialdia ospatu ohi dute Ikastola Egunean. Goizean, LH eta DBHko ikasleen jokoak izango dira. HHkoen ikuskizunaz gozatzeko aukera, baita ikasleek egindako lanak ezagutzekoa ere. Eta arratsaldean, musika. Aurrerago, zehaztasun gehiagoren berri.