Usurbil Cup txapelketako taldeetako arduradunekin bilduko da gaur, Usurbil FT

Noaua Aldizkaria 2013ko mai. 14a, 00:00

Usurbil FT-k bilera deitu du gaur arratsaldeko 19:30etan Potxoenean, Usurbil Cup txapelketan parte hartuko duten taldeetako arduradunekin, "nolako jarrera eta jokamoldea izan behar duten adierazteko eta gure laguntza eskaintzeko. Horretaz aparte, txapelketaren nondik norakoa ere azalduko zaie; arautegia eta abar… Gainera, egutegiaren antolakuntza orokorraz arituko gara eta kategoria batzuetan sartuko ditugun berrikuntza batzuei buruz. Bestalde, antolatzaile eta arduradunen arteko komunikazioa hobetze aldera, aurten nola funtzionatuko dugun azalduko dugu bileran, partiduen ordutegiak adosteko. Horregatik, behar-beharrezkoa da bilerara azaltzea. Batez ere, gai horrekin zorrotzak izango garelako eta bileran esandako moduan jokatuko dugulako". 

Astearte honetako bilerara bertaratu ezin dutenek, Usurbil FT-koekin harremanetan jartzeko bide hau zabalik dago: futusurbil@yahoo.es

377 jokalari, 37 talde
Inoizko kopuru handiena antolatzaileen esanetan, 37 talde osatu dira, izena eman duten 377 neska-mutilekin, ostiral honetan, maiatzaren 17an abiatuko den Usurbil Cup txapelketarako. Usurbil FT-tik berri eman dutenez, hilabeteko iraupena izango du txapelketak. Hilaren 17tik ekainaren 15era arte, astebururo (zenbait kasutan, baita aste barruan ere) neurketak izango ditugu, ordu berean, baina gune desberdinetan. Aurtengo edizioan, berrikuntzak txertatu nahi dituzte antolatzaileek, jokalekuei dagokienean. "Beste urte batzuetan erabilitako zelai batzuk alde batera uztekotan gaude eta berri batzuk probatzeko asmoz", adierazi dute Usurbil FT-tik. Finalak bai, azken partidak, aurreko urteetan bezala, frontoian jokatuko direla aurreikusi dute.

Azken partiden aurretik, "maila bakoitzeko lehenengo 4 sailkatuek finalerdiak jokatuko dituzte eta hauen irabazleek, finalak. Minibenjaminetan izan ezik. Iaz bezela, maila honetan ez dira emaitzak jasoko eta parte-hartzea izango da antolatzaileek sustatuko dugun bakarra. Pasa den urteko esperientziarekin gustura geratu baikinen".

PARTAIDEAK
-Minibenjaminak: Opil Goxo, Aizpurua okindegia, Murgil eraikuntzak, Otar Goxo, Artzabal, Urtinea, Inoxvicent.
-Benjaminak: Zuri F.T., Maite, Goieko "A", Goieko "B", Martxelo garraioak, Zendoia taberna, Josue igeltseritza, Txipiroiak, Txapeldun taberna.
-Alebinak: Ekien ateak, Arantxa akademia, Iosu serigrafia, Laurok, Kaxkamelak.
-Infantilak: Tzelzi, Blai, Etzaik inporta, Sardotegiko gizonak.
-Neskak LH 4,5,6: Araeta jatetxea, Saizar sagardotegia, Lurda purtxildegia, Txalaka, Lizardi, Paper-Pop.
-Neskak DBH: Ines ileapaindegia, Urdaira, Intza ileapaindegia, Eurre, Pauma.