Herri batzarra gaur, datorren greba orokorraren atarian

Noaua Aldizkaria 2013ko mai. 14a, 00:00

Herri batzarra deitu du Usurbilgo Sortuk, Ernaik eta LAB sindikatuak astearte arratsalde honetarako, 19:00etan Potxoenean. Hego Euskal Herriko gehiengo sindikalak eta hainbat eragileek, maiatzaren 30erako deituriko greba orokorrari loturikoa izango da. Bertan, "greba orokorraren planteamenduaren berri emango dugu. Egun horretan egongo diren ekimenen berri eman eta bizi dugun egoerari ahalik eta erantzunik sendoena ematera animatuko ditugu herritarrak". 

Honez gain, bada hitzorduan bertan jorratuko duten bigarren gai bat ere. "Eredu berriaren inguruko akordioaren berri emango da, gutun sozialaren esparruan, eskubide sozial eta laboralak aitortu eta ziurtatuko dizkigun akordioarena hain zuzen. Gutun Soziala egitera eramango gaituen bidea martxan jarriko dugu guztion artean. Helburua herritarren parte hartzea bilatzea izango da, eztabaida herrietaraino eramanez eta ahalik eta eragile gehien batuz eztabaida honetara", adierazi dute deitzaileek.