San Ixidro Eguna gaur

Noaua Aldizkaria 2013ko mai. 15a, 00:00

Trikitilariek esnatu dute asteazken goiz hau Kaxkoan. Maiatzak 15, San Ixidro Eguna dugu gaur. Meza nagusia ospatu da, ondoren, urteroko usadioari jarraituz, hamaiketako ederra dastatzeko aukera izan dute, egun euritsua izanik aurten frontoira hurbildu direnek. Udal ordezkari eta herritarrek banaturiko haragi egosi pintxoa edota ardo goxoa dastatuz, berriketan aritu eta oholtza gainera igo diren bertsolarien saioaz gozatu ahal izan dute. Artean, Dema plazan prestaketa lanetan ari ziren 12:00ak aurretik, gerora euri tanta artean ospatu diren herri kiroletarako.   

Herri kirolen ostean, eguerdian, larunbatera arte Alkartasuna Kooperatiban txartela erosi zutenak bazkaritarako bilduko dira Artzabalen. Eta arratsaldean, aurtengo berrikuntza; Usurbilgo Erraldoien Konpartsak eta Hurbilago Elkarteak, kalejira berezi bat antolatu dute; 18:30etan, Usurbilgo Gaztetxetik abiatuko den erraldoien kalejira. Geldialdiak egingo dituzte, Hurbilago Elkartekoak diren Kaxkoko taberna hauetan: Txapeldun, Artzabal, Bordatxo, Aitzaga eta Txiribogan. Taberna hauetan guztietan, pintxoa eta sagardo trago bat euro batean eskuragarri izango dira gaur arratsaldean. Eta sagardoa ez den beste edariren bat nahi izanez gero, edatekoa eta mokadua 2 eurotan. 

Hauxe da, San Ixidro egun honetarako iragarria dagoen egitaraua:

Maiatzak 15, asteazkena
SAN IXIDRO EGUNA

10:30 Meza Salbatore Elizan.
Ondoren, hamaiketakoa eta herri kirolak frontoian.
14:30 Bazkaria Artzabalen. Txartelak Alkartasuna Kooperatiban salgai, maiatzaren 11ra arte.
18:30 Herriko erraldoi konpartsarekin pintxo poteoa.


Asteotan adierazi bezala, San Ixidro Egun hau ere, "1. Sagastiak Loretan" ospakizun zikloaren baitan burutuko da aurten. Hauek dira, aipatu ekitaldi sorta honetako hurrengo hitzorduak (tartean, igandeko Sagardo Eguna):

1. SAGASTIAK LORETAN OSPAKIZUNA: 
SAGARRONDOEN LORALDIAREN GORAZARRE EKIMENA USURBILEN

Maiatzak 16-19, ostegunetik igandera
Usurbilgo baserrietako dolareen argazki erakusketa:
Epea: maiatzak 16-19.
Tokia: Sutegiko erakusketa aretoa.

Ordutegia:
Maiatzak 16-17: 18:00-20:00.
Maiatzak 18-19: 10:00-14:00.


Maiatzak 18, larunbata
17:00 Berreskuratutako XVI. mendeko dolare-baserria ezagutzeko bisita gidatua Aginagako Sariaaundi baserrian, Luis Alberdi arkitektoa eta Jakoba Errekondo paisajistaren eskutik. 

Maiatzak 19, igandea
XXXII. Sagardo Eguna:

Goiz guztian zehar, txaranga eta trikitilariak kaleetan zehar.
11:30 Irekiera. Baserriko, Labeleko eta Gipuzkoako Elkarteko sagardoa dastatzeko aukera. Honetaz gain, pintxo aukera zabala. 

Goiz guztian, txaranga eta trikitilariak kaleetan zehar.
17:00 Erromeria Fun&Go taldearekin.
Arratsaldean ere, txaranga.

11:00etatik aurrera, Herrirak eta Ernaik antolaturiko karpa gunea Mikel Laboa plazan: jan edana, musika, presoen eskubideen aldeko ekitaldia…

Usurbilgo plazan, egun osoz. Sutegin "Usurbilgo baserrietako dolareen argazkiak" erakusketa.

Maiatzak 23, osteguna
19:30 Usurbilgo sagarkien dastaketa ikastaroa Aitzaga Elkartean: sagar-dultzea, muztioak eta sagardoak...

Ekainak 1, larunbata
9:00 Sagastien udako inausketa ikastaro teorikoa eta praktikoa Potxoenean, Aitor Etxeandia Nekazaritza Ingeniariaren eskutik.

Elkarlanean:
-Usurbilgo Sagardo Egunaren lagunak elkartea.
-Alkartasuna, Usurbilgo Baserritarren Kooperatiba.
-NOAUA! Kultur Elkartea.
-Usurbilgo Sagastia E.M.
-Itaya Gazte Asanblada.
-Aitzaga Elkartea.
-Sagardoaren Unibertsitatea.
-Gipuzkoako Sagardogileen Elkartea.
-Hurbilago Usurbilgo Merkatarien eta Ostalarien Elkartea.
-Usurbilgo Udala.