Udajolasen izen ematea, maiatzaren 21etik 27ra

Noaua Aldizkaria 2013ko mai. 15a, 00:00

Hainbat guraso galdezka zebiltzan ia noiz irekiko ote genuen, Udajolasen izen emateko epea. Apuntatzeko egunak finkatu dira jada; maiatzaren 21etik, hau da, datorren asteartetik, maiatzaren 27ra izango da. Usurbilen erroldatutako 4-12 urte arteko haur eta gaztetxoek parte hartu ahal izango dute euskara eta aisialdia lotuko dituen ekimen honetan. Hau da, HH3-LH6 maila artean ikasten dabiltzanek.

Gehienez, 130 haurrentzako lekua dago 2013ko Udajolasen. Izena emandako haurren kopuruak aipatu zenbaki hori gaindituko balu, plazak zozketatuko lirateke, maiatzaren 27an, 18:30etan Potxoenean. Eta ondoren, onartu eta baztertuen zerrenda NOAUA!ko egoitzan jarriko litzateke. Izen emate kopuruak, ez badu 130eko muga gainditzen, ez da zozketarik egingo.

Izen emateko aukera, goiz eta arratsaldez
Adi izen emateari. Apuntatzeko ordutegia honakoa izango da. Astelehenetik ostiralera (maiatzaren 21etik 27ra artean): goizez, 10:00-11:00 artean, eta arratsaldez, 16:00etatik 18:00etara NOAUA!ko egoitzan. Apuntatzerakoan, Udarregi Ikastolan banatuko duten izen emate orria ekarri behar da. Behin plaza ziurtatuta dagoenean (maiatzaren 27an), ekainaren 4ra arteko epea egongo da, diru-sarrera egin eta horren ordainagiria NOAUA!ra ekartzeko. Epez kanpoko ordainketarik ez da onartuko. 

Aurtengo kuota, 79 eurokoa da. Familia ugarien kasuan, 63 euro (ahaztu gabe, txartelaren kopia ekarri). Kuotaren ordainketa berriz, Euskadiko Kutxaren kontu korronte zenbaki honetan egin behar da: 3035 0140 34 140 0 02581 1. 

Udajolas uztailaren 3tik 30era burutuko da. Goizez eta lau orduz, 9:30-13:30 artean. Informazio gehiago: 943 360 321.