Presoen eskubideen aldeko Euskal Herri mailako herri lasterketa antolatu du Etxeratek Oiartzunen, ekainaren 2an. 8,130 kilometroko eta 4,250 kilometrotako lasterketa bana hain zuzen. Proba luzea, kronometratua izango da, eta 12:00etan hasiko da. Maiatzaren 19ra arte eman ahal izango da izena, kirolprobak.com web orrialdean. Dortsala proba egunean jasoko da, 10:00-11:00 artean. Proba motza goizeko 11:00etan hasiko da, kronometratu gabea izango da. Izen ematea 2 eurotan, egunean bertan, Oiartzungo plazan, 9:30-10:30 artean.
Laskerketak amaituta, 13:00etan sari banaketa eta Etxeraten ekitaldia izango dira. Eta 15:00etan, bazkaria Elorsoro kiroldegian. 700 lasterkarirentzat lekua egongo da. Txartelak izena ematerakoan, kirolprobak.com web orrialdean eskura daitezke. Pertsonako asko jota bi. Oiartzunen ospatuko den Lasterbidean, Euskal Herri mailako ekimenean parte hartzeko gonbita luzatzen zaie usurbildarrei. “Presoak laster bidean izatea espero dugulako, laster etxera herrira bidean alegia, usurbildarrak ere lasterketa honetan parte hartzera deitzen ditugu”, luzatu dute gonbita. Informazio gehiago: lasterbidean.com
Mobilizazioak asteburuan
Lehenago, asteburu honetarako presoen eskubideen aldeko mobilizazioak antolatu dira Usurbilen. Batetik, kamiseta urdinekin, larunbat eguerdiko 12:00etan Dema plazara agertzera deitu dute Usurbilgo Herriratik. Maiatzaren 18 honetarako hain zuzen, Euskal Herriko hainbat udalerrietan presoen eskubideen aldeko mobilizazioak deitu dituzte, “Plazara” ekimenaren baitan. Usurbilen, aipatu moduan, larunbat eguerdiko 12:00etan Dema plazan.
Igandean ospatuko den Sagardo Egunerako bestalde, elkarretaratzea eta elkartasun txotx berezia antolatu ditu Usurbilen Nahi Ditugu elkarteak, 13:00etan Mikel Laboa plazan kokatuko den karpan.