Hogei bat lagun bildu ziren atzo, airearen kalitateari eta Ucin enpresarekin dagoen arazoari buruz hitz egiteko, Usurbilgo Udalak Sutegi atarian deitu zuen batzarrean. Gai honi lotuta azken asteotan izan diren nobedadeen berri eman zuen ingurumen alorreko zinegotzi Jose Maria Rivadeneyrak, aurretik arazo honen inguruan udaleko ingurumen batzordean informatu ostean. Bertaratutako herritarren ahotan, berriz ere azken egunotan arnastu behar izan duten usain txarra zegoen.
Usain txarra, lizentzia berria, ingurumen baimen bateratua eta gai honetan, zerbait egiteko batzuk eta besteek dituzten eskumenak hizpide izan zituen gobernu taldeko ordezkariak. Udalak emandako lizentzia berriaren aurrean, eta horretarako zuen denbora tartearen baitan, Ucinek helegitea aurkeztu duela berri eman zuen Rivadeneyrak. Bilduko zinegotziaren esanetan, ikuskapenak egiteko Udalak eskumenik ez duela defendatzen du Ucinek. Eskumen hau Eusko Jaurlaritzari dagokio Atxegalde ondoan kokatua dagoen enpresaren aburuz, eta ez Usurbilgo Udalari. Ucinek aurkeztu duen helegiteari zer erantzun eman, aztertzen dabil egunotan Udala.
Jaurlaritzaren jarrera, giltzarria
Atzoko batzarrean ahotan hartu zuten beste gaia, Ucinen ingurumen baimen bateratua izan zen. Enpresak berak baimen honen baitan aldaketa bat egitea eskatu omen dio Jaurlaritzari, "ingurumenarekiko babesa betetzen duela bermatu behar baitu". Aldaketak, Rivadeneyraren esanetan, honetan datza: "Txatarra garbia jartzen duela eskatu nahi dio Jaurlaritzari, baina txatarra garbia zer den definitu gabe". Hondakin balorizatzailea izatea ere galdegiten ari omen dira.
Eskaera honen aurrean, Udalaren esanetan, bi erabaki har ditzake Jaurlaritzak. Eta erabaki horren baitan, Udalak gai honetan zeresana izan dezake, edo ez. Batetik, Ucinek eskatzen duen aldaketa esanguratsua dela baloratu dezake, edota aldaketa ez esanguratsutzat jo. Gasteizek azken aukera honen alde egiten badu, "Ucin-i zuzenean baimena eman diezaioke". Aldiz, aipatu enpresak eginiko eskaera esanguratsutzat jotzen badu, "Jaurlaritzak Udalari iritzia eskatu eta Udalaren iritzia kontuan izan behar du. Guk aldaketa funtsezkoa dela izatea eskatzen dugu”.
Usain txarra sumatuz gero, Udaltzaingora deitzeko eskaera
Egoera honen aurrean, Udalak eman asmo dituen hurrengo urratsak beraz, honakoak dira; batetik, Ucinek aurkeztu duen helegiteari erantzutea. Honekin batera, eta gobernu aldaketa egon denez, alor honetaz arduratzen den Eusko Jaurlaritzako ordezkari berriarekin ere biltzekoa da Udala. Eskaera zuzena bideratu nahi diote Gasteizi. “UCIN-ek onartu du ez duela baimena betetzen. Horregatik Jaurlaritzari neurriak hartzea eskatzen diogu”.
Artean, batzarrean bildutako herritar batek, bitarte honetan zer egin zezaketen galdetzen zuen. Usurbilgo Udaletik, usain txarra sumatu edota kea ikusi bezain laster, Udaltzaingora deitzea eskatzen dute. Hauxe, udaltzainen telefono zenbakia: 943 361 112.