NOAUA!k ere postua izango du Sagardo Egunean

Noaua Aldizkaria 2013ko mai. 17a, 00:00

Sagardo tragoxka artean, postuz postuko buelta horretan, frontoia eta Askatasuna plaza lotzen dituen Sutegiko pasabidean aurkituko gaituzue igande honetako Sagardo Egunean. NOAUA! Kultur Elkarteak ere postua jarriko baitu, kultur etxe parean. Bertan, NOAUA!ko bazkide egiteko aukera izango duzue. Bazkidetza orrian eskatzen diren datuak idatzi eta kuota unean bertan ordaintzen duenak, NOAUA!ko aterkia eta Patxi Azpirotz herritarraren "Gipuzkoan zehar" liburuxka bilduma opari moduan jasoko ditu. 

Horrez gain, eskuragarri izango dira urteotan NOAUA!k kaleratu dituen argitalpen desberdinak; Usurbilgo baserrien liburua, ondareari buruzkoa, egutegiak, Usurbilgo postalak... Bazkide direnek merkeago eskuratu ahal izango dituzte. Honez gain, 2012ko NOAUA! guztiak biltzeko tapak eta aurkibideak ez dituzuenok, igande goiz eta eguerdi parte honetan, Sutegi parean NOAUA!k izango duen postuan jaso ahal izango dituzue. 

Sagardo Eguneko gehigarria, astekari honekin batera
Plastiko barruan, eta ohi baino mardulagoa dator, maiatzaren 17ko NOAUA!. Astekariarekin batera, urtero moduan, igandean ospatuko den Sagardo Egunari loturiko gehigarria kaleratu dugu. Aurtengoan, "1. Sagastiak Loretan" izeneko ekitaldi zikloa ardatz nagusi duen argitalpen berezia. Batetik, Sagardo Egunaren Lagunak taldekoek iganderako antolatu duten egitarauaren berri jaso daiteke. Baita Mikel Laboa plazan, aurten estreinakoz, Usurbilgo Ernaik eta Herrirak irekiko duten karpa gunean egongo den hitzordu eskaintza zabalaren inguruko informazioa dakar baita, aipatu gehigarri honek. 

Eta hortik aurrera, sagardogintza eta sagar ekoizpena hizpide duten gaiak. Bizi Sagardoa elkarte berriaren osaerari buruzko nondik norakoak Gipuzkoako Sagardogile Elkarteko ordezkari Unai Agirreren hitzetan. Eta "Usurbilgo sagastien inbentarioa eta sagar ekoizpena" aurkeztu berri den ikerketaren emaitzak, "1. Sagastiak Loretan" zikloaren hurrengo hitzorduen zehaztasunekin batera, hori guztia aurkituko duzue kaleratu berri dugun gehigarrian.

Papereko edizioan bakarrik ez. Web orrialde honetako "Hemeroteka" atalean eskura dezakezue, Sagardo Eguneko gehigarria. Helbide honetan: 

http://www.noaua.eus/hemeroteka/aldizkariak/SagardoEguna2013.pdf