Olatz Lasagabaster eta Patxi Uranga presoak bereiztu egin dituzte berriro

Noaua Aldizkaria 2013ko mai. 20a, 00:00

Olatz Lasagabaster maiatzaren 16an espetxez aldatu zuten eta berriro Brievakora (Avila) eramana izan da. Hilabete eskas izan du bere senar Patxi Urangarekin bisitak egin ahal izateko Foncalenten (Alacant).
 
"Gogoratu nahi dugu gorabehera administratibo ugari eta hainbat atzerapen pairatu ostean, 2011-11-24n ezkondu zirela Alacanteko espetxean eta handik aste gutxira banandu egin zituztela. Urte eta erdi zeramaten elkar ikusi gabe. Biek ala biek berriro elkar ikusteko epailearen tramite luzeen bideari ekin beharko diote", azaldu digute Usurbilen Nahi Ditugu elkartekoek.
 
"Gogorki salatzen dugu Estatu espainoleko agintarien jokamolde hori. Izan ere,  bata bestearengandik horren urrun edukitzearekin, senar-emazteen arteko komunikazio eta harremana izateko dagozkien eskubidea urratzen baitu. Horrez gain, Olatzen eta Patxiren senide eta lagunei zailtasun eta arrisku gehituak pairarazten dizkiete bisitak egiteko orduan".