Konposta egiteko ikastaroa, hilero aurrerantzean

Noaua Aldizkaria 2013ko mai. 21a, 00:00

Adi datozen deialdi hauei:

KONPOSTA EGITEKO IKASTAROA
Urte amaierara arte oraingoz, hilero lehen asteazkenetan, konpostatzen jakiteko ikastaroa antolatuko du Usurbilgo Udalak, arratsaldeko 19:00tan Potxoenean. Lehen saioa, ekainaren 5ean izango da. “Gonbitea luzatzen zaizuze, konpostatzen hasi nahi duzuen bizilagun orori, izena emanda eta itxarote zerrendan zaudeten auzokonpostalariei edota, konpostaz zalantzak argitu edo gehiago ikasi nahi duzuen guztiei”, berri eman dute Udaletik.

Antolatzaileek gogorarazten dutenez, jada 630 familiek baino gehiagok konpostatzen dute, “etxean edo auzoan, eta modu honetan, hilero ia 12 tona hondakin organiko herrian konpostatu eta bertan geratzen dira, gure baratz eta lurren mesederako. Eskarmentua badugu beraz”.

AGINAGARREN KINTO BAZKARIA
Ekainaren 8rako, larunbata, kinto bazkaria antolatu dute 1963-66 urte artean jaio ziren aginagarrentzat. Otordua, Sekaña erretegian ospatuko da. Bazkaritara joan asmo duenak, aldez aurretik izena eman behar du, 943 362 773 telefono zenbakira deituta.

AURRE MATRIKULAZIOA LANBIDE ESKOLAN
Ate irekien egunen ostean, aurre matrikulatzeko garaia da Lanbide Eskolan. Epea: maiatzaren 27tik ekainaren 7ra. Informazio gehiago: 943 364 600, lhusurbil.com edo eskola@lhusurbil.com

"FAMILIARENTZAKO BARATZE EKOLOGIKOAREN LABORANTZARAKO HASTAPEN IKASTAROA"
Usurbiltzen Taldeak antolatu du familiei zuzenduriko ikastaro hau, ekainaren 1 eta 8rako. Hedadura, lursailaren prestaketa, laboreak eta garai egokiak, plangintza, hazitegiak, ereintza, laboreen zaintza, tratamendu naturalak, elkarketak eta errotazioa landuko dituzte partaideek. Plazak mugatuak izango dira, gehienez 12 lagunentzako lekua dago. Saioen ordutegia: goizez, 9:30-13:30 artean. Prezioa, 20 euro. Izen ematea: 646 449 358 edo usurbiltzen@gmail.com. Antolatzaileek ohartarazi dutenez, "ikastaroa praktikoa izango da eta baratze ekologiko batean arituko gara, beraz arropa eta oinetako egokiak eraman itzazue. Hamaiketakoa eramatea gomendatzen da, sagardo ekologikoa bertako ekoizleek jarriko dute".

SANTIXABELAK: "NORK MEREZI DU?" ETA EGITARAU LEHIAKETA
Egitarau lehiaketara lanak aurkezteko epea, maiatzaren 27ra arte. Herriko festetako txupinazoa nork jaurti erabakitzeko, proposamenak bidaltzeko epea, maiatzaren 24ra arte, Sutegin, Potxoenean edo kultura@usurbil.net helbidean. Bi ekimen hauei buruzko informazio gehiago, aipatu helbide horretan edo 943 371 999 telefono zenbakian.

KZ GUNEA 
Maiatzean goizez irekiko da KzGunea, 9:00-13:00 artean. Hemen, datozen egunotarako programatu dituzten ikastaroak (informazio gehiago: kzgunea.net, 943 023 684 edo tutor.usurbil@kzgunea.net):
Maiatzak 22-23: Irudi digitalen tratamendua II (9:00-11:00).
Maiatzak 27: OpenOffice Writer: oinarrizkoa (9:00-11:00).