Zortzi egun barrurako deitua du Euskal Herriko gehiengo sindikalak eta baita hirurogeitik gora eragilek, greba orokorra. Maiatzaren 30eko deialdia prestatzeko herritarren batzordea osatu da Usurbilen. Bilgune honek gaurko, asteazken arratsalde honetan, 19:00etarako hitzordua jarri du. "Bertara herritar guztiak daude deituak. Batzordea irekia da eta edonork parte hartu dezake", luzatu dute gonbita.
Larunbat honetarako, maiatzaren 25erako, agerraldia iragarri dute, 12:30etan Dema plazan. Hiru egun barru burutuko den ekitaldia antolatzen lagundu edota bertan parte hartzera deitzen diete herri eragile, talde eta herritarrei. Eguraldi txarra egingo balu, Usurbilgo Greba Batzordeak eginiko deialdia frontoian burutuko litzateke. Helburua, maiatzaren 30erako gehiengo sindikalak eta hamarnaka eragileek deituriko greba orokorra babestea izango da.
Mobilizazio gehiago ere iragarri dira, datorren greba orokorrari begira. Larunbatean bertan, girotzen joateko manifestazioak antolatu dituzte Hego Euskal Herriko hiriburuetan. Donostian, arratsaldeko 17:30etan Bulebarrean. Eta noski, greba egunean bertan ere mobilizazioak izango dira. Hauek orain arte, deitu diren hitzorduak:
Maiatzak 25, larunbata
17:30 Manifestazioak hiriburuetan: Donostian, Bulebarretik abiatuta.
Maiatzak 30, osteguna
12:00 Manifestazioa Donostian. Hiru zutabe abiatuko dira, Anoeta, Gros eta Antiguotik. Usurbildarrei, Anoetara joateko deia egiten zaie.
18:00 Manifestazioa Usurbilen.
Greba orokorreko deitzaileak: ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS, EHNE, HIRU, CGT-LKN eta CNT sindikatuak, eta 60 eragile baino gehiago.
Udalerrietako manifestazioen deitzaileak: Buruntzaldeko LAB.