Hirukoiztu egin da hiru urtetan, gidabaimena euskaraz ateratzen dutenen kopurua

Noaua Aldizkaria 2013ko mai. 22a, 00:00

2010ean 34 lagun izan ziren, 2011n 60 eta iaz, Buruntzaldeko 112 herritarrek gidabaimena euskaraz ateratzeko hautua egin zuten. Datuok, Buruntzaldeko herri hedabideek aste honen bueltan kaleratuko duten erreportajean jaso dira. Autoa gidatzeko baimena euskaraz prestatu eta ateratzea balioa hartzen ari den honetan, Buruntzaldeko udalek alor honetan ere euskararen erabilera sustatzeko kanpaina abiatua dute. 

Matrikulazioa, opari
Hilabete hasieran aurkeztu zuten egitasmoa, Andoain, Astigarra, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilgo Udaletako ordezkariek, baita auto eskoletako kideek ere.

Buruntzaldeko hainbat auto eskoletan, gidabaimena eskuratzeko azterketa teorikoa euskaraz prestatu, azterketa hizkuntza berean egin eta gainditzen dutenak saritu asmo dituzte aurten ere. "Gidabaimena euskaraz" kanpainaren bueltan bildu dira beste behin, Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilgo Udalak eta udalerriotako hainbat auto-eskola. Alor honetan ere euskararen erabilera suspertu nahi dute, apustu honen alde egiten dutenen ahalegina sarituz. 

Egitasmo honen sustatzaileek hautatu duten aldarriak ere halaxe dio: "Dakizuna erabili ez dakizuna ikasteko". Urte honetan zehar, gidabaimenaren atal teorikoa euskaraz gainditzen duten herritarren artean, datorren urteko, 2014ko urtarrillean atal teorikoa ordaintzeko diru sariak zozketatuko dira. 11 sari emango dira guztira; Andoainen 2, Astigarragan 1, Hernanin 3, Lasarte-Orian 3, Urnietan 1, eta Usurbilen 1. Sari bakoitza gehienez 400 eurokoa izango da. 

Egitasmo honetan parte hartzeko, ezinbestekoa izango da Buruntzaldeko herriren batean erroldatuta egotea; gidabaimenaren atal teorikoa gainditzea 2013 urte honetan zehar; eta inprimakia beteta entregatzea egitasmo honen lankidetzan diharduten autoeskoletan. 

Hauek dira, kanpaina honetan parte hartzen ari diren auto eskolak:

USURBILEN:
Solozabal: Irazu 2, 943 376 936.

ANDOAINEN:
Bengoetxea: Juan Bautista Erro 9, 943 594 406.
Mendi: Agustin de Leitza 11, 943 300 604.

HERNANIN:
Hernani: Latsunbe 3 (943 550 534), Urbieta 7 (943 553 416).
Lagunak: Karobieta 1, 943 331 419.
Otamendi: Izpizua 1, 943 553 545.

LASARTE-ORIAN:
Izarra: Geltoki 11, 943 377 005.
Lasarte: Nagusia 5, 943 370 692.
Mugica: Ganbo 1, 943 362 275.

URNIETAN:
Solozabal: Idiazabal 24-1C, 607 616 416.

Informazio gehiago: buruntzaldea.org

Irudia: Aiurri.