Datorren maiatzaren 30erako antolatua dagoen greba orokorra prestatu eta "gazteok pairatzen dugun miseria egoera ankerrari aurre egiteko" gazte blokea osatzeko deialdi berria egin dute Usurbilen, gaur arratsaldeko 19:00etan frontoian.
"Egoera hau jasangaitza da", adierazten zuten hitzordu honen deitzaileek, NOAUA!ra duela bi aste bidalitako mezuan. Eta horrez gain, ziotenez, "egoera honetan ez dugu ezer galtzekorik". Horren harira, gazte blokea eraikitzera deitzen dute Usurbilen.
Gaurko deialdiari begira, hauxe Gazte Blokeko sustatzaileen mezua:
"Nazkatuta gaude langabeziaz. Nazkatuta gaude praktiketako kontratu prekarioez. Nazkatuta gaude duintasun gabeko enpleguez. Nazkatuta etxebizitza eskubide izan ordez, luxu izateagatik. Nazkatuta gaude emakumeok behin eta berriz patriarkatuak zapalduak garelako. Nazkatuta gaude zapaltzen gaituzten baloreak erreproduzitzen dituzten hezkuntza jasotzen dugulako. Nazkatuta gure etorkizun oparoaz behin eta berriz hitz egin, eta orainaz ahazten direlako ... NAZKATUTA GAUDE GAZTE IZATE SOILAGATIK ZAPALDUAK GARELAKO!!!
Egoera hau jasangaitza da. Gazteoi miseria besterik ez digute eskaintzen. Egoera honetan ez dugu ezer galtzekorik. Goazen batzera, elkarrekin hausnartzera, elkarrekin oihukatzera, elkarrekin borrokatzera ... GOAZEN ELKARREKIN GAZTE BLOKEA ERAIKITZERA!!!
Usurbilgo gazteriari gazte blokea eraikitzeko deialdia luzatu nahi zaio, maiatzaren 13an, 19:00tan Usurbilgo frontoian. Gazte guztiok batera lortuko dugu!!! Gora Usurbilgo gazteria!!! "
"GREBA OROKORRA MAIATZAREN 30ETIK AURRERA ABIATUKO DEN OFENTSIBA BERRIAREN ABIAPUNTUA IZANGO DA"
Gazte blokeko kideak elkarrizketatu ditu NOAUA!k, astekari honetarako. Hona hemen, galde erantzun guztiak bere osotasunean:
Zergatik ikusten duzue gazte blokea eratzeko beharra?
Gazte blokea. Gazteok bizi dugun egoera latz eta anker honen aurrean, inoiz baino garrantzitsuagoa da denon indarrak batu eta herriko gazteon elkarlanaren bidez, gazteoi bizi duin bat bizitzeko dagozkigun eskubideen aldeko borroka abian jartzea. Horri erantzutera datorren tresna da gazte blokea.
Gazte blokea eraikitzeko zer "tresna" behar dira? Nola eta zertarako eraiki gazte blokea?
Gazte Blokea eraikitzeko tresna nagusia geu gara, gazteria alegia. Gazteok, norbanakook aberastu eta elikatuko dugu Gazte Blokea eta borroka, eta seguru gaude, borrokak ere gu elikatuko gaituela. Gazte blokearen helburuetako bat, ahalik eta gazte gehien gazteoi dagozkigun eskubideen aldeko borrokara lotzea da, eta horretarako, Gazte Blokea borrokarako esparru irekia, anitza eta zabala izango da. Finean, gazteok ditugun pentsamendu eta joera ezberdinak alboratu, eta gazteok bizi eredu duin bat izateko oinarrien borrokan burutu nahi da indar metaketa, honetarako gazte guztiek izango dutelarik lekua, inor ere baztertu gabe.
Zer ekarpen egin dezake gazte batek blokea eratze horretan?
Aurretik aipatu moduan, gazterik gabe ez dago Gazte Blokerik, ez dago borrokarik, eta beraz, egungo gazteon bizitza prekarizatuak bere horretan edo okerrago jarraituko dugu. Baina seguru gaude hau ez dela horrela izango, gazteok badugu borrokatzeko grina, egoera hau aldatzeko gogo eta premia. Eta gazte orok ekarpen garrantzitsua egin diezaioke Gazte Blokeari, izan iritziak ematen, hausnartzen, tailerrak proposatu eta prestatzen, plangintza komunikatiboa burutzen, kartelak jartzen, ... Denok gara beharrezkoak Gazte Blokea eraginkorra izan dadin. Gogoratu, ur tantarik gabe, ez dagoela olatu erraldoi bat osatzerik.
Zer balorazio egiten duzue egun bizi dugun krisi egoeraz?
Hasteko eta behin, azpimarratu nahiko genuke bizi duguna ez dela ekonomia edo finantziar krisia soilik, baizik eta eredu kapitalista eta patriarkalaren krisi estrukturala dela. Izan ere, krisi anizkoitza baita, esaterako, hor daude, krisi ekologikoa, krisi energetikoa, krisi demokratikoa, zaintza lanen krisia, ... Krisi estruktural hau, beste krisiak ahaztu eta ekonomia krisi soil gisa saltzen ari zaizkigu, zorrari aurre egitea lortzen dugunean, bizi eredu duin bat izango dugula bezalako faltsukeriak plazaratuz. Hau gezurra da! Krisi ekonomikoa aitzakia hutsa da borrokaren bidez lortu ditugun eskubideak (laboralak, osasuna, ...) urratu eta kapitalak etekinak areagotu ditzan.
Krisi egoera zer modutan eragiten ari da gazterian?
Gazteoi dagokionean, krisi egoera honetan prekarietatea eskaintzen digute. Langabezia da nagusi gazte gehienon artean, eta enplegua dugunean duintasunik gabeko praktiketako kontratuaz profitatzen dira enpresariak. Etxebizitza eskubidea ere luxu bilakatu da gazteontzat. Emakumeok ere sistema patriarkal honek zapalduak gara. Behin eta berriz, etorkizunerako prestatzeko esaten digute, baina gure orainaz ahaztu dira. Orainean, miseria eta pobrezia ardatz dituen bizitza eskaintzen digu sistema kapitalista patriarkalak. Gazteok, sistema honekin jai dugu!
Maiatzaren 30ean greba orokorra. Gazteek ere zergatik atera behar dute kalera egun horretan?
Gaur egun, borrokak ezertarako balio ez duenaren ustea zabaldu da hainbaten artean, jada galduta dagoela. Gu hau hankaz gora jartzera gatoz. Miseria egoera honetan, gazteok ez dugu ezer galtzekorik, aurrera eramaten dugun borroka ororen bitartez lortuko dugu gure garaipen txikia. Gazte Blokearen bidez erakutsiko dugu borrokak balio duela, borrokatzea bera ere garaipen bat baita. Borroka horretan, greba orokor hau Gazte Blokearen lehen harria izango da, gure aldarrikapen eta alternatibak mahai gainean jartzeko ariketa kolektiboa. Horregatik, Gazte Blokeak ere bere atxikimendua eman eta konpromiso irmoa hartzen du maiatzaren 30eko Greba Orokorraren aurrean.
Gazte blokea eratzeko planteamendua ordea greba deialdi honetatik haratago doa?
Argi azaldu nahi dugu Gazte Blokea ez dela greba orokorra elikatzeko eraikitako tresna soilik. Gazteok, Euskal Herriko eta Usurbilgo beste hainbat eragile sozialekin elkarlanean, bizi eredu duin bat eskuratzeko oinarri izango diren eskubideen lorpenerako plan sozial bat jarriko dugu martxan, eta bide horretan, greba orokorra maiatzaren 30etik aurrera abiatuko den ofentsiba berriaren abiapuntua izango da. Horregatik, Gazte Blokeak ere grebaren hurrengo egunean lanean jarraituko dugu, borrokatuz eta ahalik eta gazte gehien borrokara lotuz.
Besterik erantsi nahi?
Azpimarratu nahiko genuke merezi duela borrokatzeak, bizi eredu duin baten alde aktibatzeak. Hau esanik, gazteriari dei egiten diogu Gazte Blokearen dinamika eta ekimenetan parte hartu eta konpromisoa hartzera. Bereziki, orain arte aktibatu ez direnei, ikasleei eta "gazteetan gazteenei" egiten luzatu haiko genieke gonbita. Gazte guztiok batera lortuko dugu! Gazte eta aske, irabazi arte!