Ekainean sartzearekin batera ospatuko da ohi denez, Ikastola Eguna. Aurten, hilaren 2an. Egun osoko jaialdia ospatuko da Udarregi inguruan, Oiardo Kiroldegian eta frontoian. Ikasleen jokoak, eskulanen erakusketa, Haur Hezkuntzakoen jaialdia, bazkaria... Aurretik ordea, girotzen joateko ekitaldi gehiago ere ospatuko dira. Astelehenean hasita.
Lau egun barrurako iragarri dute lehen hitzordua; LH 5 eta 6 mailakoen bertso jaialdia. Urtean zehar burutzen duten lanketaren erakusleihoa izango da aipatu ekitaldia. LH5ekoak HH5ekoekin batera, abesten ere ikusi ahal izango ditugu Sutegin, maiatzaren 29an.
Arratsalde pasa antolatu dute bestalde, maiatzaren 31rako. Gauean Sutegin ikusgai izango den "Euskararen espektakulue" emanaldiaren aurretik, txokolate jana, jolasak eta buruhandien desfilea egitekoak dira.
Astea borobiltzeko, arestian aipaturikoa. Ekainaren 2an, igandez, Ikastola Eguneko ekitaldiak. Hona hemen, Udarregitik datorren asterako lotu duten egitarau osoa:
Maiatzak 27, astelehena
17:00 Bertso jaialdia Udarregi Ikastolako erdiko aretoan. Parte hartzaileak: LH 5-LH 6ko ikasleak.
Maiatzak 28, asteartea
18:30 Udarregi Ikastolaren urteko ohiko batzarraren bigarren zatia Udarregi Ikastolako erdiko aretoan.
Maiatzak 29, asteazkena
18:30 HH5 eta LH 5ekoen kantagintza saioa Sutegiko auditorioan.
Maiatzak 31, ostirala
17:00-18:15 Haurrentzako jolasak, Gaztetxekoen laguntzarekin.
18:15-19:00 Txokolate egin berria haurrentzat.
Ondoren, buruhandi txikien desfilea (haurrek etxetik ekar ditzakete dituzten buruhandiak).
22:00 “Euskararen espektakulue” emanaldia Sutegiko auditorioan.
Sarrerak: 2 eurotan aldez aurretik Bordatxon, 4 eurotan egun berean. Antolatzailea: Hitz Aho Udarregi Ikastolako Guraso Elkartea.
Ekainak 2, igandea
9:00-11:30 LH eta DBHko ikasleekin jolasak ikastolako patioan.
10:00-13:30 Teknologia eta eskulanen erakusketa ikastolan.
12:00 HH-koen ikuskizunak 25 urte, Oiardo Kiroldegian. Imanol Urbietari omenaldia.
14:30 Bazkaria frontoian. Sarrerak salgai Ikastolako idazkaritzan.
Ondoren, dantzaldia.
Antolatzailea: Udarregi Ikastola.