Datorren greba orokorra babesteko agerraldia larunbatean

Noaua Aldizkaria 2013ko mai. 24a, 00:00

Metalgintzako sektorean ostiral honetarako deitua zegoen greba deialdia ia orokorra izaten ari da sindikatuen esanetan. Gaurko iragarritako lan uzte hau, astebete barrurako deitua dagoen 24 orduko greba orokorraren atarikoa da. Maiatzaren 30erako Hego Euskal Herriko gehiengo sindikalak eta 60 eragilek baino gehiagok grebara deitu dituzte herritarrak.

Baita Usurbilen ere. Larunbat honetan, maiatzaren 25ean, greba orokorra babesteko agerraldia antolatu dute, 12:30etan Dema plazan (eguraldi txarra egingo balu, frontoian). Herritar, talde eta eragileak bertaratzeko gonbita luzatu dute, maiatzaren 30eko deialdiari begira osatu den Usurbilgo Greba Batzordeko kideek. 

Bihar arratsaldean bestalde, maiatzaren 30eko greba orokorra deitu duen gehiengo sindikalak, manifestazioak antolatu dituzte Hego Euskal Herriko hiriburuetan. Donostian, arratsaldeko 17:30etan, Bulebarretik abiatuko da.

Kanpaldia eta kotxe karabana, greba bezperan
Greba orokor egunaren bezperarako bada hitzordu gehiago ere. Gazte Blokeak kanpaldia deitu du. Asteazkenean burutu zuten asanbladan erabaki zuten, hilaren 29an arratsaldeko 19:00ak aldera kanpaldian bildu eta biharamunean, greba egunerako deituak dauden mobilizazioetan parte hartzea.

Ordu berean, kotxe karabana abiatuko da anbulatoriotik. Greba eguna prestatzeko bestalde, batzarra deitu dute datorren astearterako. Hauexek beraz, greba egun atarian, eta maiatzaren 30erako finkatuak dauden hitzorduak:


Maiatzak 25, larunbata
12:30 
Greba orokorra babesteko agerraldia Dema plazan.
17:30 Manifestazioak hiriburuetan: Donostian, Bulebarretik abiatuta.

Maiatzak 28, asteartea
19:00 Batzarra frontoian, greba eguna antolatzeko.

Maiatzak 29, asteazkena
19:00ak aldera, Gazte blokearen kanpaldia frontoian. 
19:00 Kotxe karabana anbulatoriotik.

Maiatzak 30, osteguna
Goizean,
batzar informatiboa.
12:00 Manifestazioa Donostian. Hiru zutabe abiatuko dira, Anoeta, Gros eta Antiguotik. Usurbildarrei, Anoetara joateko deia egiten zaie.
18:00 Manifestazioa Usurbilen.

Greba orokorreko deitzaileak: ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS, EHNE, HIRU, CGT-LKN eta CNT sindikatuak, eta 60 eragile baino gehiago.

Udalerrietako manifestazioen deitzaileak: Buruntzaldeko LAB.