Bihar maiatzeko azken larunbata, kantuzaleen txanda beraz. Maiatzaren 25 honetan, kantu-jiran irtengo dira Kantu Taldekoak. Ohi bezala, arratsaldeko 19:00etan Mikel Laboa plazatik. Oraingoan ordea, ekitaldiak berezitasun bat izango du. Asteburuan Usurbilen, Donostian eta beste zenbait lekutan ospatuko den Olatu Talka ekimenaren baitan txertatu dute hilabete honetako kantu-jira.
Morau, asteartean Artzabalen
Eta gehiago ere bada. Asteartero burutu ohi duten entsegu saioen baitan, bisita berezi bat antolatu dute maiatzaren 28rako Kantu Taldekoek; Andoni Tolosa Morau musikariarena. 18:30etatik aurrera Artzabalen izango da. Abestien bidez, euskal kantagintzaren historia ezagutzeko aukera aparta eskainiko du bertan. 1961etik 1990erako historia kontatuko du hurrengo astean eskainiko duen hitzaldian. Kantuak, argazki, bideo eta bestelako materialarekin uztartuko ditu.