"Greba orokorra behar beharrezkoa da, ezinbestekoa"

Noaua Aldizkaria 2013ko mai. 27a, 00:00

Egungo politiken norabidea aldatu, bizi baldintza duinen alde agertu eta aski dela esateko, ezinbestekotzat, behar beharrezkotzat jotzen dute larunbatean frontoian bildu ziren herritar eta eragileek, Hego Euskal Herriko gehiengo sindikalak hiru egun barrurako deitu duen greba orokorra. 24 orduko lan uztea babesteko bildu zen hain zuzen, ondoko argazkian ageri den herritar taldea.

Baita “haratago” joateko ere, herenegun pilotalekuan burutu zuten agerraldian adierazten zutenez. “Alternatiba eraiki behar dugu. Beste eredu bat posible dela aldarrikatzetik eredu hori eraikitzera pasa behar gara”, zioten. Eraikitze bide horretarako lehen urratsa ere finkatua dagoela nabarmendu zuten; Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutuna osatzea. Prozesu berri honetako lehen urratsa halere, ostegun honetarako deitua dagoen greba orokorra dela gogorarazten dute. Egunotarako eta ostegunerako deitu diren mobilizazioetan parte hartzera deitzen zituzten herritarrak.

Hauxe larunbateko agerraldian irakurri zuten maiatzaren 30eko greba orokorraren aldeko adierazpena. Hainbat eragile eta herritarrek jada, babesa adierazi dioten testua duzue honakoa:

Krisia hasi zenetik gobernu desberdinak ezartzen ari diren politikek emaitza bakarra izan dute, krisian are eta gehiago sakontzea. Bizi dugun egoera ez da krisi ekonomikoaren ondorioa. Krisiaren aitzakian martxan jartzen ari diren politikoen ondorioa baizik. Politika hauen helburua herritarrak pobretzea eta eskubideak kentzea baino ez da. Betikoak aberasten jarraitzen dutela bermatzeko. Madrilgo gobernuak inposatu egiten du dekretu eta oinarrizko lege bidez, eta Iruñea eta Gasteizko gobernuek gehiengo sozialari eginiko eraso hauei aurre egin beharrean, inposaketak onartzeaz gain, euren ereduan politika antisozial berdinak eta pobretze masiboa dakartenak ezartzen dituzte.

Politika horien norabidea aldatzera behartu behar ditugu. Eta modu bakarra borroka eta mobilizazioak dira. Egiten ari garen bide honek gehiengoa hondamendira garamatza eta badakite. Euskal Herriko instituzioei exijitzen diegu euren lehentasun nagusi eta bakarra ez daitezela izan banka eta multinazional handiak, hemen bizi eta lan egiten dugun herritar orok bizi baldintza duinak izatea baizik. Enplegu duina, kalitateko zerbitzu publiko unibertsalak eta prestazio sozial egokien bidez. Krisiaren hasieratik Euskal Herriko gehiengo sozial langilea honen kontra ari gara borrokan.

Maiatzaren 30erako deitzen dugun greba orokorra behar beharrezkoa da, ezinbestekoa da. Nahikoa da ozen, energikoki eta sendoa da gobernu ezberdinetatik gure eskubideei egiten zaizkien erasoen aurrean.

Baina ez hori bakarrik. Beharrezko salaketa eta borroka honekin batera, urrunago joan behar gara. Alternatiba eraiki behar dugu. Beste eredu bat posible dela aldarrikatzetik eredu hori eraikitzera pasa behar gara. Lehen urratsa Euskal Herriko eskubide sozialen gutuna osatzea izango da. Aldarrikatzetik harago joango den tresna izatea nahi dugu. Euskal gizarte osoaren indarra eta garatzen ari garen borrokak batzeko lehen pausoa. Helburu argi batzuen inguruan, bidea osatzen lagunduko dutenak. Ziur gaude, bide honek Euskal Herriarentzako eta beraz, Usurbilentzako eredu propio batera eramango gaituela, eskubide sozial eta laboralen errespetuan eta justizia sozialean oinarritua. Ez dugu zalantzarik maiatzaren 25 honetan, Euskal Herrian nahiz eta Usurbilen hasten dugun prozesuak indar sozialen korrelazioa aldatuko duela, euskal gizartearen mesedetan. Gainera, borrokarako tresna baliagarria izango da, Euskal Herriarentzako alternatiba eraikitze bidean, eredu ekonomiko eta sozial propioa. Euskal Herrian eta Euskal Herriarentzat erabakia, eta ez elite ekonomikoek erabakia, gehiengo sozial langilearen parte hartzearekin baino. Agerraldi honen bitartez, prozesu sozial honen lehen harria jarri dugu usurbildarrok. Emaitza Euskal Herriko eskubide sozialen gutuna osatzea litzateke. Bide honetan, Euskal Herriko eskubide sozialen gutuna tresna nagusi izango dugun plan sozialari eta prozesu berri honen abiapuntua izango den maiatzaren 30eko greba orokorrari atxikimendua ematen diogu, hemen gauden eragile eta norbanakook.

Azkenik, agerraldi honetan falta diren herritar eta eragileei prozesu berri honetan, eta berau hauspotzeko mobilizazioetan parte hartzeko gonbita luzatu nahi dizuegu. Bereziki maiatzaren 30eko greba orokorrean. Denon artean lortuko dugu, gora gu eta gutarrak!