130 haur eta gaztetxoentzako plazak zeuden Udajolasen baina izen emate kopuruak jada, aipatu kopuru hau gainditu du. Honenbestez, iragarri bezala, aurten Udajolaseko plazak zozketatu egingo dira. Zozketa gaur arratsaldeko 18:30etatik aurrera burutuko da Potxoenean. Zozketa egin ostean, itxarote zerrenda jarriko da NOAUA!ko egoitzako atean. Halere ez ahaztu, izen emateak oraindik zabalik jarraitzen duela. Astelehen hau da hain zuzen, Udajolasen matrikulatzeko azken eguna. Goizez, 10:00-11:00 artean, eta arratsaldez, 16:00-18:00 artean NOAUA!ko egoitzan.
Usurbilen erroldatutako 4-12 urte arteko haur eta gaztetxoek parte hartu ahal izango dute euskara eta aisialdia lotuko dituen ekimen honetan. Hau da, HH3-LH6 maila artean ikasten dabiltzanek.
Oraindik ez egin ordainketarik
Gaurko zozketaren ostean, Udajolasen plaza ziurtatua duenak, ekainaren 4ra arteko epea izango du, diru-sarrera egin eta horren ordainagiria NOAUA!ra ekartzeko. Epez kanpoko ordainketarik ez da onartuko, ez egunotan egindako ordainketarik. Ezta ekainaren 4tik aurrera egindakorik ere.
Aurtengo kuota, 79 eurokoa da. Familia ugarien kasuan, 63 euro (ahaztu gabe, txartelaren kopia ekarri). Udajolas uztailaren 3tik 30era burutuko da. Goizez eta lau orduz, 9:30-13:30 artean. Informazio gehiago: 943 360 321.