Hego Euskal Herriko gehiengo sindikalak ostegunerako deitu duen greba orokor egunaren aurretik, hainbat mobilizazio burutuko dira egunotan. Greba orokorra babestu eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunaren aldeko manifestazioak burutu ziren larunbatean Hego Euskal Herriko hiriburuetan. Tartean, Donostian.
Egunotan ere, aipatu moduan, mobilizazio gehiago izango dira. Hasi berri dugun aste honetako lehen elkarretaratzea, Lasarte-Orian egoitza duen Lanbideren aurrean burutu da, “eskualdeko langabezia tasa altuak ikusarazteko”. EH Bilduk deitu du gaur eguerdiko hitzordua. Eskualdeko langabezia tasa altuaren salaketa, Lanbide atariraino eraman nahi izan dute modu honetan. Pankartaren aldarriak ere hala zioen; bailarako langabetu kopuruari erreferentzia eginez, "4843 arrazoi" daudela osteguneko greba orokorrerako. Burujabetza eta eraldaketa sozialaren beharra aldarrikatu dute.
Batzarra bihar
Aipatu moduan, mobilizazio aste honi hasiera emateko lehen deialdia zen gaur eguerdikoa. Bihar, asteartea, batzarra deitu dute 19:00etan frontoian, osteguneko greba orokorra prestatzeko. Etzirako, kotxe karabana egingo da, “ahalik eta entzutetsuena izatea lortu behar dugu”. Gazte Blokeak asanbladan erabakita, kanpaldia burutuko du asteazken arratsaldetik ostegun goizera. Modu honetan emango diote hasiera, greba orokor egunari. Ostegunerako, goizean batzarra eta egunean zehar bi manifestazio deituak daude; lehena, eguerdian Donostian. Eta bigarrena, arratsaldean Usurbilen bertan.
“Ez gara aspertuko behin eta berriz azpimarratzen, inoiz baino garrantzitsuagoa dela mobilizazio eta batzarretan parte hartzea”. Denon artean lortuko dugu.
Zehaztasun gehiagorekin, hona hemen, egunotarako mobilizazioen egutegia:
Maiatzak 27, astelehena
12:00 Elkarretaratzea, Lasarte-Oriako Lanbideren egoitza aurrean.
Maiatzak 28, asteartea
19:00 Batzarra frontoian, greba eguna antolatzeko.
Maiatzak 29, asteazkena
19:00ak aldera, Gazte blokearen kanpaldia frontoian.
19:00 Kotxe karabana anbulatoriotik.
Maiatzak 30, osteguna
Goizean, batzar informatiboa.
12:00 Manifestazioa Donostian. Hiru zutabe abiatuko dira, Anoeta, Gros eta Antiguotik. Usurbildarrei, Anoetara joateko deia egiten zaie.
18:00 Manifestazioa Usurbilen.