Greba egunari begirako esku orriak banatu eta parodia bat egiteagatik, Ertzaintzak 25 lagun identifikatu zituela salatu du Ernai gazte erakundeak. Gertaerak ostiral arratsaldean jazo ziren. “Decatlonen parodia egin ostean, Urbilera gindoazela, Urbileko sarreran gelditu eta identifikazio lanak abiatu zituen Ertzaintzak”, berri eman zuen Ernaik, osteguneko greba deialdiari babesa emateko, larunbatean frontoian burutu zen agerraldiaren amaieran.
Aipatu moduan 25 lagun identifikatu zituen Ertzaintzak, eta Ernaitik berri eman dutenez, “horietako bati espedientea ireki diote, desobedientzia baliatzeagatik”. Parodia eta esku orriak banatuz, “sistema honek gazteok zapaldu eta txirotzen gaituela” salatu nahi zuten. Ildo beretik, ostiraleko gertaerekin ere salatu zutenez, “gure eskubideak aldarrikatzeagatik, behin eta berriz zapalduak izaten ari garela, nahiz eta garai berrietan egon”. Ertzaintzaren jarrera salatu eta osteguneko greba orokorrerako deialdiarekin eta abiatuko den plan sozialarekin bat egiten dutela berretsi zuten. Jendarteari ere, beste hainbeste egiteko gonbita luzatu zioten; “Gazteei, eskualdeko herritar orori eta Ertzaintzari zergatik ez, greba orokorrean dinamikoki parte hartzeko deia egiten diegu. Gora euskal gazteria!”.