Hiri antolaketa arauak eta hiru mozio hizpide, gaurko osoko bilkuran

Noaua Aldizkaria 2013ko mai. 28a, 00:00

Maiatzeko azken asteartea gaur, osoko ohiko bilkura eguna dugu beraz. Hirigintza, enplegua, onkologikoa, frankismoko krimenak... Denetariko gaiak hartuko dituzte ahotan udal ordezkariek, gaur arratsaldeko 18:00etan hasiko den saioan. 

Eztabaidatu eta bozkatuko diren gaien artean, Usurbilgo hiri antolaketa arauei loturiko Testu Bategina onartu edo ez erabaki beharko du udalbatzak. Enpleguari lotuta, eskualde mailan abian den lankidetzari jarraipena ematea beste urte betez, hauxe gai zerrendako beste kontuetako bat.

Eta bi gai hauekin batera, hiru mozio aurkeztuko dituzte. Frankismoaren krimenen aurkako kereila, Onkologikoa Osakidetzan sartzeko proposamena eta adineko egoitza zein eguneko zentroetako langile eta erabiltzaileen eskubideen inguruan, osoko bilkurara LAB sindikatuak eramandako hirugarren testu bat ere aztertuko dute udal ordezkariek.

Hauxe beraz, maiatzaren 28 honetako osoko bilkurarako iragarria dagoen gai zerrenda: 

1-Aurreko bilkurako aktaren onespena:
2013/04/30eko bilkurako akta.

2-Alkatetzako dekretu hauen berri ematea: 2013ko apirilaren 26tik maiatzaren 23ra (2013/0420-2013/0528).

3-Diputatuen Kontseiluak 2011ko irailaren 6an "Usurbilgo Hiri Antolaketako Arauen Berrikuspeneko Testu Bategina" onartzerakoan ezarritako baldintzak jasotzen dituen Testu Bategina (2013 otsaila) onartzea.

4-Sustapen ekonomikoa eta enplegu alorrean eskualde mailako protokolo orokorreko lankidetzaren jarraipena urte betez onartzea.

5-Galderak, eskaerak eta mozioak:
5.1.-Frankismoaren krimenen aurkako kereilaren euskal plataformak aurkeztutako mozioa.
5.2.-Onkologikoa Osakidetzan sartzeko Bildu Udal Taldeak aurkeztutako mozioa.
5.3.-Adineko egoitza eta eguneko zentroetako langileen eta erabiltzaileen eskubideak. LAB sindikatuak aurkeztutako mozioa.