Igandean, Txiriboga, Aitzaga, Bordatxo, Artzabal edo Txapeldun tabernetara gerturatzen denak mokadu bereziak dastatzeko aukera izango du beste behin; gulekin eginiko pintxo goxo askoak. Besteak beste, gula entsalada, gulak ajillo erara edota tortilla gula. Edariarekin batera (urteko ardo zuri, gorri edo beltza, txakolina, sagardoa, zuritoa, muztioa edo ura) 2 eurotan. Jatekoa bakarrik, 1,5 eurotan. Hau guztia, igande honetan, ekainaren 2an ospatuko den Tipi-Tapan. Eta adi, Hurbilago elkarteko establezimenduetan xahutu ahal izango den 300 euroko erosketa-balea zozketatuko baita oraingoan, 15:00etan Aitzagan.
Hurbilago Elkarteak, Usurbilgo Udalaren laguntzaz antolatzen duen ibilbide gastronomikoaren zazpigarren edizioa izango da igande honetakoa, ikasturteko azkena. Uztailean eta abuztuan ez baita Tipi-Taparik izango. Udazkenetik aurrera, ekimen honi jarraipena eman asmo diote tabernariek. Beraz, igandean esku artean dituzuen Tipi-Tapa txartelak gorde ondo, hurrengo ikasturterako.