Deialdi ugari hastear dugun hilabete berrirako

Noaua Aldizkaria 2013ko mai. 28a, 00:00

Adi datozen deialdi hauei:

USURBIL FT-ko KADETEEK, IGOERA ESKURA
Etxetik kanpo 0-1 irabazi ostean, Usurbil FT-ko kadeteen taldeak eskura du mailaz igotzea. Larunbat honetan, 17:00etan neurketa erabakigarria jokatuko dute irundarren aurka Haranen. "Azkeneko bultzada behar dute. Haranera gorriz jantzita igotzeko deialdia egin nahi dugu. Animatu zaitezte! Zorte on mutilak!", luzatu dute gonbita Usurbil FT-tik.

ANTZERKI TXIKI TALDEKOEN EMANALDIAK
Urtean zehar herrian antzerkigintzan diharduten gaztetxoen taldeak, Antzerki Txiki taldekoek hiru emanaldi eskainiko dituzte bi egunetan, datorren astean. Ekainaren 4an eta 6an, arratsaldeko 17:00etatik aurrera Sutegiko auditorioan. Bertaratzeko gonbita luzatzen dute antolatzaileek.

SANTIXABELETAKO JAI BATZORDEAREN BILERA
Gainean ditugu Santixabelak. Jai Batzordea jada prestaketa lanen azken txanpara heltzen ari da. Bilera deitu du, datorren asteazkenerako, ekainaren 5erako, arratsaldeko 18:00etan Potxoenean.

GAZTELEKUKO GURASO BILERA
Amaitzear den ikasturteko balantzea egin eta burutu diren ekimenetako argazkiak ikusi ahal izango dituzte ekainaren 10ean, Gaztelekuan ibili ohi diren gaztetxoen gurasoek. Aita-amei zuzenduriko bilera antolatu dute egun horretarako, Gaztelekuan bertan, arratsaldeko 18:00etan.

Makillaje ikastaroa
Astelehenean burutuko da, ekainaren 3an, 15:30-17:30 artean Potxoenean. Miren Ezeizak gidatuko du, DBH 2,3 eta 4.mailetako ikasleei zuzendua egongo den saioa. Izen ematea, euro baten truke Gaztelekuan bertan.

ZIORTZAKO KANPALDIA
Sare sozialen bidez, Twitterretik zabaldu dute deialdia Ziortzakoek. Udan, Peñaloscintosen (Errioxa) antolatu duten kanpaldia muntatzera joateko eguna jarri dute jada. Ekainaren 22an izango da, larunbatez. Uztailerako Usurbilgo haur eta gaztetxoen aisialdi gunea izango dena prestatzen laguntzeko gonbita luzatzen diete herritarrei. Interesdunek email bat idatzi besterik ez dute, ziortzage@gmail.com helbidera.

URETAKO SOROSPEN IKASTAROA
Uretako arrisku egoerei nola aurre egin jakiteko, uretako sorospen ikastaroa antolatu du Gipuzkoako DYAk Usurbilen. Ikastaroa larunbat honetan hasi eta lehen lau asteburuetan zehar burutuko da. Oinarrizko ezagupenak irakatsiko dira, baina oso erabilgarriak, Oiardo Kiroldegian eta Etumeta AEK euskaltegian egingo diren saioetan. Teoria eta praktika uztartuko ditu ikastaroak, modu eroso eta atseginean. Amaieran, Uretako Sorosle Titulua eskuratzeko aukera egongo da. 

Ekainaren 1ean abiatuko den ikastaroan parte hartzeko, lehen sorospen eta sorosle ikastaroa egina izatea ezinbestekoa izango da. Hona hemen, ikastaro honen ordutegi, prezio eta bestelakoen berri:
Epea: ekainak 1-23 (larunbat eta igandeetan).
Ordutegia:-Larunbatak: 9:00-13:00 eta 15:00-19:00. -Igandeak: 9:00-13:00.
Tokia: Oiardo Kiroldegia eta Etumeta AEK euskaltegia.
Prezioa: 200 euro (matrikula eta txostena barne).
Plazak: mugatuak.
Izen ematea edo informazio gehiago: 943 46 46 22.
Antolatzailea: Gipuzkoako DYA.

KONPOSTA EGITEKO IKASTAROA
Urte amaierara arte oraingoz, hilero lehen asteazkenetan, konpostatzen jakiteko ikastaroa antolatuko du Usurbilgo Udalak, arratsaldeko 19:00tan Potxoenean. Lehen saioa, ekainaren 5ean izango da. “Gonbitea luzatzen zaizuze, konpostatzen hasi nahi duzuen bizilagun orori, izena emanda eta itxarote zerrendan zaudeten auzokonpostalariei edota, konpostaz zalantzak argitu edo gehiago ikasi nahi duzuen guztiei”, berri eman dute Udaletik. 

Antolatzaileek gogorarazten dutenez, jada 630 familiek baino gehiagok konpostatzen dute, “etxean edo auzoan, eta modu honetan, hilero ia 12 tona hondakin organiko herrian konpostatu eta bertan geratzen dira, gure baratz eta lurren mesederako. Eskarmentua badugu beraz”. 

AGINAGARREN KINTO BAZKARIA
Ekainaren 8rako, larunbata, kinto bazkaria antolatu dute 1963-66 urte artean jaio ziren aginagarrentzat. Otordua, Sekaña erretegian ospatuko da. Bazkaritara joan asmo duenak, aldez aurretik izena eman behar du, 943 362 773 telefono zenbakira deituta.

1977KOEN KINTO BAZKARIA
Ekainaren 8rako antolatu dute Aginaga sagardotegian. Izen emateko zerrendak Aitzaga eta Irrati tabernetan jarri dituzte antolatzaileek.

AURRE MATRIKULAZIOA LANBIDE ESKOLAN
Ate irekien egunen ostean, aurre matrikulatzeko garaia da Lanbide Eskolan. Epea: ekainaren 7ra arte. Informazio gehiago: 943 364 600, lhusurbil.com edo eskola@lhusurbil.com

"FAMILIARENTZAKO BARATZE EKOLOGIKOAREN LABORANTZARAKO HASTAPEN IKASTAROA"
Usurbiltzen Taldeak antolatu du familiei zuzenduriko ikastaro hau, ekainaren 1 eta 8rako. Hedadura, lursailaren prestaketa, laboreak eta garai egokiak, plangintza, hazitegiak, ereintza, laboreen zaintza, tratamendu naturalak, elkarketak eta errotazioa landuko dituzte partaideek. Plazak mugatuak izango dira, gehienez 12 lagunentzako lekua dago. Saioen ordutegia: goizez, 9:30-13:30 artean. Prezioa, 20 euro. Izen ematea: 646 449 358 edo usurbiltzen@gmail.com. Antolatzaileek ohartarazi dutenez, "ikastaroa praktikoa izango da eta baratze ekologiko batean arituko gara, beraz arropa eta oinetako egokiak eraman itzazue. Hamaiketakoa eramatea gomendatzen da, sagardo ekologikoa bertako ekoizleek jarriko dute".

KZ GUNEA 
Maiatzean goizez irekiko da KzGunea, 9:00-13:00 artean. Ekainean arratsaldez, 16:00-20:00 artean. Hemen, datozen egunotarako programatu dituzten ikastaroak (informazio gehiago: kzgunea.net, 943 023 684 edo tutor.usurbil@kzgunea.net):
Maiatzak 31: Twitter (9:00-11:00).
Ekainak 3-14: KzGunea Internet ikastaroa (16:00-18:00).
Ekainak 25: OpenOffice Calc: Oinarrizkoa (16:00-18:00).