Udajolaseko itxarote eta onartuen zerrendak ikusgai daude jada

Noaua Aldizkaria 2013ko mai. 28a, 00:00

NOAUA!ko egoitzara sartzeko ate ondoan ikusgai daude, atzo Potxoenean egin zen Udajolasen plazen zozketako onartuen eta itxarote zerrendak. 130 lagunentzako lekua zegoen uztaileko udalekuetan, eta azkenean, atzo arratsaldera bitartean zabalik egon zen epean, 149 haurrek eman zuten izena. Honenbestez, zozketa egin beharra izan zen.

Udajolasen plaza lortu dutenek, ekainaren 4ra arteko epea dute, diru-sarrera egin eta horren ordainagiria NOAUA!ra ekartzeko. Epez kanpoko ordainketarik ez da onartuko. Aurtengo kuota, 79 eurokoa da. Familia ugarien kasuan, 63 euro (ahaztu gabe, txartelaren kopia ekarri). Kuotaren ordainketa, Euskadiko Kutxaren kontu korronte zenbaki honetan egin behar da: 3035 0140 34 140 0 02581 1. 

Guraso bilera, ekainaren 13an
Momentuz plazarik gabe geratu diren haurrek, ekainaren 4ra arte itxaron beharko dute. Une horretan, onartuen artean, plazak galduko lukeenik egongo balitz, automatikoki itxarote zerrendako hurrenkera errespetatuz, zerrenda honetan dagoenak lortuko luke plaza. 

Gerora, plaza lortu duten haur guztien gurasoei zuzenduriko bilera deitu da. Ekainaren 13rako, 17:00etan, Udarregi Ikastolako erdiko aretoan. Bertan, uztailaren 3tik 30era burutuko diren udaleku hauei buruzko argibide gehiago jasotzeko aukera egongo da.