Greba eguna antolatzeko batzarra gaur, 19:00etan frontoian

Noaua Aldizkaria 2013ko mai. 28a, 00:00

Bi egun baino ez dira geratzen, gehiengo sindikalak eta hamarnaka eragileek deitu duten greba orokorrerako. Osteguneko hitzordua antolatzeko, batzarra deitu du gaurko Usurbilgo Greba Batzordeak, arratsaldeko 19:00etan frontoian. "Bertan, maiatzaren 30eko greba orokorreko proposamenak eta plangintza denon artean erabakitzea da helburu. Deialdia irekia da eta Greba Batzordeak herritarrak frontoira gerturatzera animatzen ditu", luzatu dute gonbita antolatzaileek.

Langabezia tasa altua salatzeko elkarretaratzea
Egunotan ere, aipatu moduan, mobilizazio gehiago izango dira. Hasi berri dugun aste honetako lehen elkarretaratzea, Lasarte-Orian egoitza duen Lanbideren aurrean burutu zen atzo, “eskualdeko langabezia tasa altuak ikusarazteko”. EH Bilduk deitu zuen hitzordua. Eskualdeko langabezia tasa altuaren salaketa, Lanbide atariraino eraman nahi izan zuten modu honetan. Pankartaren aldarriak ere hala zioen; bailarako langabetu kopuruari erreferentzia eginez, "4843 arrazoi" daudela osteguneko greba orokorrerako. Burujabetza eta eraldaketa sozialaren beharra aldarrikatu zuten.

Auto karabana eta kanpaldia bihar
Astearte honetarako deitu duten batzarraz gain, ekimen gehiago iragarri dira bihar arratsaldeko 19:00etarako. Batetik, auto karabana abiatuko da anbulatorio paretik. “Ahalik eta entzutetsuena izatea lortu behar dugu”, adierazi dute deitzaileek. Eta bestalde, Gazte Blokeak kanpaldia burutuko du frontoian. Pilotalekuan pasako dute gaua, eta bertan emango diote hasiera, greba orokor egunari. 

"Gazteok bizi dugun zapalkuntza egoeraz nazkatuta Usurbilen gazte blokea osatzen ari gara. Datorren asteazkenean, maiatzak 29, arratsaldeko 19:00etatik aurrera herriko frontoian, gazte blokeak gau bateko kanpaldian parte hartzera animatzen zaitu. Bertan, gazte blokea osatzen jarraituko dugu, gaur egungo egoeraz hausnartu, eztabaidatu eta altenartibak bilatzen saiatuko gara. M-30ko greba orokorraz eta gutun sozialaz ere hitz egingo dugu eta hurrengo egunean, zakuak jaso eta Donostiko manifestazioara joango gara (12:00). Ekarri beharrekoa: gaua pasatzeko beharrezko gauzak (denda, zakua?), afaria (bakoitzak tuperrean zerbait ekarri eta elkar banatuko dugu). AUPA GAZTE!! ELKARTU GAITEZEN!! GOAZEN GAZTE BLOKEA ERAIKITZERA ETA GURE ESKUBIDEEN ALDE BORROKATZERA!!", deitu dute. 

Manifestazioak ostegunean
Greba orokor egunerako berriz, goizean batzarra eta egunean zehar bi manifestazio deituak daude; lehena, eguerdian Donostian. Eta bigarrena, arratsaldean Usurbilen bertan. 

Zehaztasun gehiagorekin, hona hemen, egunotarako mobilizazioen egutegia:

Maiatzak 28, asteartea
19:00 Batzarra frontoian, greba eguna antolatzeko.

Maiatzak 29, asteazkena
19:00ak aldera, Gazte blokearen kanpaldia frontoian. 
19:00 Kotxe karabana anbulatoriotik.

Maiatzak 30, osteguna
Goizean,
 batzar informatiboa.
12:00 Manifestazioa Donostian. Hiru zutabe abiatuko dira, Anoeta, Gros eta Antiguotik. Usurbildarrei, Anoetara joateko deia egiten zaie.
18:00 Manifestazioa Usurbilen.