Hego Euskal Herriko gehiengo sindikalak eta hamarnaka eragileek, eskubide sozial eta laboral duinak eskatzeko greba orokorra deitu dute, ostegun honetarako, maiatzaren 30erako. "Denok, herritar guztiok, langile, langabetu, ikasle, dendari eta tabernariok maiatzaren 30ean kalera" ateratzeko deia egiten dute. Baina baita haratago joateko gonbita ere. "Beharrezkoa den salaketa eta borrokatik harago joan behar da, alternatiba eraikitzeko. Beste eredu bat posible dela aldarrikatzetik eredu hori eraikitzera pasa behar dugu", adierazten dute greba eguneko deitzaileek. Ildo horretatik, diotenez, "lehen urratsa, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutuna burutzea izango da".
Horregatik greba egunerako bakarrik ez, "gutuna eratzeko eta alternatiba eraikitzeko hurrengo hilabeteetan burutuko diren ekimenetan" parte hartzera deitzen dituzte herritarrak.
Hona hemen, greba orokorreko deitzaileek, sindikatu eta eragileek adostu duten adierazpena:
M30 GREBA OROKORRA. ESKUBIDE SOZIAL ETA LABORAL DUINAK
Krisiaren hasieratik gobernu ezberdinek ezarritako politikek krisian sakontzea baino ez digute ekarri. Hauen helburua herritarrak pobretu eta eskubideak kentzea da, betikoak are gehiago aberas daitezen. Eskubideen kontrako erasoa integrala da, gure herrietako taberna eta denda txikiak ere pairatzen ari zarete ondorioak. Seguru nabaritu dituzuela ondorio hauek salmentetan; gero eta jende gutxiago, gero eta gastu txikiagoa... hau ez da denboraz aldatuko. Herritarok gero eta gehiago pobretu behar gaituzte gehien daukatenek are gehiago izan dezaten.
"Konpetentzia" eta "merkatu askea" indartsuenaren legea besterik ez dira, baina alternatibak badaude, gauzak beste modu batera egin ahal dira eta ez inposatu nahi diguten eran. Badago masa sozial nahikoa bestelako bide bat egiteko. Gobernu eta instituzioetatik egiteko prest ez badaude, behartu egin beharko ditugu. Gehiengo sozialaren presioa determinantea da.
Baina ez hori bakarrik. Beharrezkoa den salaketa eta borrokatik harago joan behar da, alternatiba eraikitzeko. Beste eredu bat posible dela aldarrikatzetik eredu hori eraikitzera pasa behar dugu. Lehen urratsa, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutuna burutzea izango da. Honen bidez, euskal jendartearen indarrak bildu nahi ditugu, Euskal Herriarentzako bide propioa egiten joateko, eskubide sozial eta laboralen errespetuan eta justizia sozialean oinarrituko den eredua lortzeko.
Denok, herritar guztiok, gure herriak bizirik nahi ditugu. Eta bizitasun hori herriko denda eta tabernek bermatzen dute eta ez multinazionalek eta kate handiek. Horregatik, denok, herritar guztiok, langile, langabetu, ikasle, dendari eta tabernariok maiatzaren 30ean kalera atera behar. 30ean grebarekin bat egitera gonbidatzen zaitugu eta, era berean, gutuna eratzeko eta alternatiba eraikitzeko hurrengo hilabeteetan burutuko diren ekimenetan parte hartzera.
Eragile sozialak: AHT Gelditu! Elkarlana, Anitzak, Arabako Pentsionistak, Argilan, Asamblea abierta en defensa de las prestaciones sociales, Asamblea de invisibles, Distintas asambleas de parados y paradas de Bizkaia y Gipuzkoa, Askapena, Asociación de Trabajadoras del Hogar, Asociación de vecinas y vecinos de Bilbao la Vieja, Barrenkale, Berri-Otxoak, Bilgune Feminista, Bizkaiko Emakumeen Asanblada, Colectivo de Parados de Iruñerria, Coordinadora de grupos den San Francisco, Bilbao la Vieja y Zabala, Danok lan, Desazkundea, Eginaren eginez, Eguzki, Elkartzen, Erromoko Greba Batzordea, Eskuz Esku, Ezker Gogoa, Euskal Herriko emakumeen mundu martxako plataforma, Gipuzkoako pentsionisten duintasun elkartea, Ikasle Abertzaleak, Harresiak Apurtuz, Kakitzat, Komite Internazionalistak, Lanegia, M15M Bizkaia, Matxingune taldea, MDMA Taldea, MOC, Mugarik Gabe, Mujeres del Mundo, Pentsionistak Martxan, Plataformas por los derechos sociales de Gasteiz, Plaza Beltza Kultur Elkartea, Posada de los abrazos, Renta Básica Universal Taldea, Salhaketa, Sare Antifaxista, SOS Racismo-SOS Arrazakeria, Urtxintxa eskola, Zazpigarren alaba.
Sindikatuak: ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS, EHNE, HIRU, CNT.