Lanpostuen sorrera bultzatzeko Donostia Mendebaldeko udaierrietan abian den enpleguaren alorreko lankidetza urtebetez, hau da, 2014ko maiatzaren 29ra arte luzatzea erabaki zuen udalbatzak, atzo burutu zen osoko ohiko bilkuran. Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilgo Udalak iazko maiatzaren 21ean sinatu zuten lankidetza protokoloari buruz ari gara. Gobernu taldetik atzo Alaitz Aizpurua zinegotziak aipatzen zuenez, baliagarritzat jotzen dute egitasmo hau, enplegua sustatzeko.
Honekin batera, berriz ere lankidetza hau denboran luzatu nahiko balitz, udalbatza izan beharrean, Tokiko Gobernu Batzordea izatea dagokion akordioa hartuko duena, "Osoko batzarrak erabaki hori organo horretan delegatuz". Erabaki hau ere hartu zuen udalbatzak atzo. Bi erabakiak, alegia, Usurbilek lehen aipaturiko gainerako bost udalerriekin lankidetza epea luzatzea eta beste luzapenen bat egongo balitz, erabakia Tokiko Gobernu Batzordearen esku uztea, biak ala biak aho batez onartu ziren atzoko osoko ohiko bilkuran.
Testu Bategina, zuzendua eta onartua
Usurbilgo Hiri Antolaketako Arau Subsidiarioen Testu Bategina onartu zuen udalbatzak. Onarturiko testuak bere baitan jasotzen ditu, Diputatuen Kontseiluak 2011ko irailaren 6an ezarritako baldintzak. Testu Bategina, Gipuzkoako Foru Aldundiko Hirigintza Departamentura bidaliko da orain, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratua izan dadin. Erabakiaren alde bozkatu zuten Bildu eta Aralarrek. Abstentziora jo zuten, Hamaikabat, EAJ-PNV eta PSE-EE udal taldeek.
Bozketa aurretik, Mertxe Aizpurua alkateak gai honek orain arte egin duen ibilbidearen berri eman zuen. 2010eko abenduaren 28an, aurreko legegintzaldian beraz, hasieraz onartu zela Testu Bategina. Gerora aurkeztu ziren sei alegazioei erantzunda, 2011ko martxoaren 15ean behin betiko onarpena eman zitzaiola. Eta hilabete batzuk beranduago, urte bereko irailaren 6an, Diputatuen Kontseiluak behin betiko onartu zuen Testu Bategina. Baina berau argitaratua izateko hainbat zuzenketa edo egokitzapen burutu behar izan ditu Udalak. Lan hauek Ajuriaguerra Tres, S.L.P. enpresari esleitzea erabaki zuen Udalak.
Tarte honetan, hainbat zuzenketa edo egokitzapen egin dira Testu Bateginean. Besteak beste, informazio osagarria gehitu dute, hainbat ezaugarri fitxa gehiago zehaztu dira, eta artikulu berri bat ere erantsi dute. 52 zenbakiduna. Orain arte, katalogatuak zeuden baserriak soilik zatitu zitezkeen bi etxebizitzetan. 52. artikulu berri honekin, ez da horren beharrik izango. Aurrerantzean beraz, bi etxebizitzatan banatzeko aukera izango dute baserri guztiek.
Zuzenketa edo egokitzapen hauek eta beste batzuekin batera, Batzordetik pasa ostean, Testu Bateginari argitaratu aurreko azken onarpena eman zion udalbatzak atzo.