Frankismoko krimenen aurkako kereila babestu du udalbatzak

Noaua Aldizkaria 2013ko mai. 29a, 00:00

Frankismo garaiko krimenen aurka Buenos Airesen (Argentina) aztertzen ari diren kereilaren alde agertu da Usurbilgo Udala, aho batez, atzoko osoko bilkuran. Udalak atxikimendua eta laguntza adierazi dio modu honetan, Frankismoaren Krimenen Aurkako Kereilaren Euskal Plataformak aurkeztu duen mozioari eta bertan egiten diren eskakizunei. 

Besteak beste, Francoren altxamendua eta ondorengo diktadura, baita honen guztiaren alde egin zutenak salatzen ditu atzo onarturiko testuak. Errepresaliatuak izan zirenen eskubideen alde agertzen da mozioa, eta Buenos Aireseko epaitegietan jorratzen ari diren kereilari babesa adierazten zaio. Horrekin guztiarekin batera, udaletxeak soilik ez, errepresioa sufritu dutenei, euren senideei eta herritarrei ere, testu honekiko atxikimendua adieraztera deitzen zaie.

Hauxe, atzo onarturiko mozioaren edukia:

MOZIOA
Frankismoaren Krimenen Aurkako Kereilaren Euskal Plataformak, idatzi honen beheko partean agertzen diren Elkarteez osatutakoa, egungo legediari jarraituaz Usurbilgo Udaletxearen Osoko Bilkurari proposatzen dio ondorengo mozioaren aurkezpena.

1936ko uztailean Francok burututako altxamendu militar-faxistak Errepublikaren bidezko Gobernua eta Gobernu Autonomiko guztiak ezabatu zituen, industri, nekazal eta finantza oligarkiaren laguntzarekin, Elizaren agintari eta partaideek tarteko, eta erregimen politiko totalitario bat ezarri zuen askatasunaren, justizia sozialaren eta Estatuko Nazioen eta Herri eskubideen aldeko pertsona ororen suntsitze fisikoa eraginaz.

Diktadura hura, ideologikoki "nacional-catolicismo" delakoaren zutabeetan finkatua, armadak, finantza eta industria oligarkiak, lur-jabeen klaseak eta Elizak hurrengoko berrogei urteetan mantendu zuten errepresio bortitza eta jeneralizatuaren bitartez edozein oposizio saihestuaz, torturak, "paseoak", heriotza-zigorrak, eta gainontzeko kondenak jarriaz erregimenaren aldeko epaileen bitartez, atxilotuak inongo defentsa aukerarik izan gabe.

Francoren heriotzaren ondoren, herriaren borrokek eta presio internazionalak frankistak behartu zituzten nolabaiteko aldaketa batzuk egitera, baina botere politikoa, ekonomikoa, militarra eta errepresiboa mantenduaz eta frankismoaren zutabe nagusienak bermatuaz: Estatuaren batasuna, Kapitalismoaren jabetza eta lehentasuna edozein interes sozialetik gain, eta Elizaren estatus pribilegiatua.

Baina "trantsizio" hartatik hogeita hamabost urte geroago argentinar epaile batek frankismoaren aurkako kereila bat onartu du genozidio eta gizateriaren aurkako delituengatik, preskriba-ezinak eta inongo "azken puntuko legeak" amnistiatzerik ezin dituenak. Nahiz eta erakunde internazionaletik izan, kereila honek frankismoaren zutabeak zartatzen hasia du, hainbat pertsona eta erakunde sozial anitzek urteetan zehar ahalegintzen ari garen bezala. Beraz, Egiaren, Justiziaren eta Erreparazioaren aldeko une garrantzitsu baten aurrean gaude, milaka eta milaka errepresaliatuen duintasuna lortzeko ahalmen berezia bilakatuaz.

Esandako guzti honegatik, Frankismoaren Krimenen Aurkako Kereilaren Euskal Plataformak, Altafaylla Kultur Taldea, CNT Euskal Herria, Durango 1936 Kultur Elkartea, Euskal Memoria Fundazioa, Eusko Lurra Fundazioa, Egiari Zor Fundazioa, Garraxika Taldea, Gernika Batzordea, Goldatu Elkartea, Intxorta 1937 Kultur Elkartea, Lau Haizetara Gogoan Elkartea, Martxoak 3 Elkartea, Oroituz, Sanfermines 78: Gogoan!, eta Sare Antifaxista Elkarteek osatzen dutena, ondoko proposamena luzatzen dizue:

1-Usurbilgo Udaletxeak 1931n bide onez burututako Errepublika eta Gobernu Espainol, Katalan, Galego eta Euskaldunaren aurka 1936ko uztailean Francok antolatutako altxamendu militar-faxista salatzen du.

2-Usurbilgo Udaletxeak gerora ezarritako diktadura erregimena salatzen du, berrogei urteetan zehar eragindako triskantza odoltsuengatik justizia soziala aldarrikatzen zutenen aurka eta baita Katalunia, Galizia eta Euskal Herriaren eskubide nazionalak aldarrikatzen zutenen aurka.

3-Usurbilgo Udaletxeak kolpe militar haren alde eta gerora bere gobernuen alde egin zuten industria, nekazal eta finantza oligarkiak eta Elizaren agintari eta partaideak salatzen ditu.

4-Usurbilgo Udaletxeak altxamendu militarragatik, erregimen frankistagatik eta Estatu terrorismoagatik errepresaliatuak izan zirenen eskubide eta eskaeren alde egiten du eta administrazio publikoei, hau da, instituzio politiko eta juridikoei, eskatzen die pertsona kaltetu horien eskubideak bermatzeko ere, erregimen haren EGIA plazaratzen, bere oinordekoak egiten ari diren historiaren errelato faltsua salatuaz; JUSTIZIA aldarrikatzen, egungo inpunitatea saihestuaz eta frankisten erantzunkizuna exijituaz; milaka eta milaka biktimentzat ERREPARAZIO duin eta diskriminazio gabea eskatzen; eta, azkenik, gizarteak behar dituen aldaketa sozio-ekonomikoak, juridikoak eta instituzionalak eragiten, errepika-ezinaren berma ezartzeko.

5-Ildo honetan, Usurbilgo udaletxeak bere laguntza eta atxikimendua ematen dio Argentinako Errepublikan, Buenos Aireseko 1 Epaitegian, 4591/10 Kereilari, zein Maria Servini de Cubria epaileak daraman genozidioaren eta gizateriaren aurkako frankismoaren krimenengatik.

6-Usurbilgo udaletxeak hiritar orori eskatzen dio kereila honen alde egin dezan, bai kereilatzaile gisa errepresiorik sufritu duenak, berak edo bere familiakoren batek; edo baita diktaduraren aurka bere salaketa eginaz eta atxikimendu pertsonala sinatuaz.