Adinekoen egoitzetako langileen hitzarmena desblokeatzeko eskaera Udaletik

Noaua Aldizkaria 2013ko mai. 29a, 00:00

ADEGI eta LARESi negoziazioa desblokeatu, sindikatuekin akordio batera heldu, Aldundiaren aurka aurkezturiko salaketa kendu eta herritarrei mobilizazioetan parte hartzera deitzen du atzoko osoko bilkuran, gehiengo osoz udalbatzak onartu zuen mozioak. Testua, adinekoen egoitzetako eta Eguneko Zentroetako langileen lan hitzarmenari buruzkoa da. Lan hitzarmen honen negoziazioa egun, blokeatuta baitago. Eta hori, egoera desblokeatzea eskatzen du LAB sindikatuak aurkeztu eta Bildu eta Aralarren aldeko bozkekin atzo onartu zen testuak. PSE-EE abstenitu zen. EAJ-PNV eta Hamaikabatek mozioaren aurka bozkatu zuten.

Hauxe testuak dioena:

MOZIOA
Autonomiarik ez duten adinekoen pertsonen zaintzarako Egoitza eta Eguneko Zentroetako langileen lan hitzarmenaren negoziazioa blokeatuta dago. Zerbitzuak duen izaera publikoa eta beraz, instituzioek honen gainean duten erantzukizun zuzenagatik Gipuzkoako Foru Aldundiak proposamen bat egin du egoera hau desblokeatzeko.

Proposamen honek sektore honetako langileen aldarrikapen historikoak diren lan baldintzen hobekuntzarako neurriak jasotzen ditu bere baitan, baita inposatutako Lan Erreforma Laboralaren ondorio negatiboak eragozteko eta zerbitzuaren kalitatea hobetuko luketen neurriak ere; eta honekin batera, patronalei proposamen hau aurrera eraman ahal izateko beharrezko diru hornidura bermatzen die.

Gauzak horrela, udal honetako osoko bilkurak Gipuzkoako Foru Aldundiak egin bezala zerbitzu publiko honen gaineko ardura bere egiten du, eta honenbestez jarraian azaltzen diren puntuak onartu egiten ditu:

1-ADEGI eta LARESi dei egiten diegu inposizioaren bidea albo batera utzi, negoziazioa desblokeatu eta sindikatuekin herrialdeko lan hitzarmenaren gaineko akordio batera iristeko eskatzen diegu.

2-ADEGIri Gipuzkoako Foru Aldundiaren kontra aurkeztutako demanda kentzera dei egiten diogu.

3-Jendarteari kalitateko zerbitzu publiko baten alde, eta sektore honetako herrialdeko hitzarmenaren alde dagoeneko antolatuak dauden eta datozen egun eta asteetan antolatuko diren mobilizazioetan parte hartzera dei egiten diogu.