Onkologikoa etorkizunera begira "kolokan dagoela eta", Osakidetzan sartzea eskatzeko mozioa aurkeztu zuen atzo burutu zen osoko ohiko bilkuran, EH Bilduk. Joxe Ramon Furundarena zinegotziak irakurri zuen testuak gainera, "urte luzetan egin duten lanagatik", bertako langileen aitortza egitea eskatzen zuen. Eta gainera, "adostutako zuzendaritza baten baitan garatuko den trantsiziozko epealdi honetan berma dezatela Onkologikoak biziraupenerako behar duen diru-hornidura".
Testuarekiko adostasuna agertu zutenen artean, PSE-EE. Ricardo Crespo bozeramaileak mozioaren alde bozkatuko zuela iragarri zuen. Gogorarazi zuenez, Eusko Legebiltzarrean EH Bilduk aurkeztutako testuaren aurrean, PSE-EEk emendakinak aurkeztu zituen. Atzoko osoko bilkuran aurkezturikoak emendakinok biltzen zituela zioen, eta beraz, mozioa babestuko zuela.
Bozketan EAJ-PNV abstenitu zen, gainerako udal taldeek bat egin zuten EH Bilduk aurkezturiko testuarekin.
Hauxe mozioak dioena, bere osotasunean:
Onkologikoa kolokan dago bere etorkizuna zalantzan jartzen dituzten erabakiak hartzen ari direlako, Onkologikoan urteak lanean daramatzaten profesionalek eta langileek salatu duten moduan. Onkologikoak gipuzkoarrei orain arte eman dien zerbitzua ematen jarraitzea nahi badugu, kezka hauei kasu egin behar diegu.
Honengatik guztiagatik Usurbilgo Udalak Onkologikoaren defentsa irmoa egin behar du. Horretarako Onkologikoa Osasun Zerbitzu Publikoa den Osakidetzan sartzea eskatu behar da, jendarte guztiaren esku dagoen zerbitzua ziurtatzeko dagoen bide bakarra baita.
Onkologikoaren biziraupena eta zerbitzua bermatzea Usurbilgo Udalaren ardura ere badelako; Onkologikoaren jarduera nagusiak osasungintza publikoa izan behar duelako; herrialdeko gaixotasun onkologikoak artatzeko zerbitzu espezializatu gisa erreferente izaten jarraitu behar duelako eta jendarte guztiaren zerbitzura egon behar duelako, honako mozio hau aurkezten dugu Usurbilgo Udalak aztertu eta onartu dezan:
1. Usurbilgo Udalak Onkologikoaren eta bertako langileen aitortza egin nahi du, alor honetan urte luzetan egin duten lanagatik. Lan honek Onkologikoa mantendu, zaindu eta babestu beharreko erreferentean bilakatu du, beti ere jendarte guztiari zuzendutako zerbitzu bezala.
2. Usurbilgo Udalak Onkologikoa, Osakidetzan, Osasun Publikoaren Sisteman, sartzeko nahia adierazten du eta Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio has dadila Kutxako Zuzendaritzarekin eta Gizarte Ekintzarekin eskakizun hau errealitate bilakatzeko beharrezkoa den plangintza adosten. Plangintza horretan eman beharreko urratsak, epeak eta bi erakundeen kulturak uztartzeko ibilbidea jaso beharko dira.
3. Usurbilgo Udalak Eusko Jaurlaritzari eta Kutxako edo Kutxabank-eko zuzendariei eskatzen die, adostutako zuzendaritza baten baitan garatuko den trantsiziozko epealdi honetan berma dezatela Onkologikoak biziraupenerako behar duen diru-hornidura. Hornidura honek, gutxienean, orain arteko kopuru berekoa izan behar du.
4. Usurbilgo Udaleko Osoko Bilkura honek hartutako erabakiak jakinarazi behar die:
-Kutxako Batzarrari eta bere Gizarte Ekintza Batzordeari.
-Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailburuari.
-Osakidetzako Zuzendariari.
-Usurbilgo herritarrei.