Biharko greba orokor deialdiarekin bat egin dute asteotan zehar, hainbat herritar, eragile eta sindikatuek. Usurbilgo Ernaik, Gazte Blokeak, usurbildar eta eragile talde batek, Buruntzaldeko ELA eta LAB sindikatuek tartean:
USURBILGO ERNAI: "EZ DEZATELA ESAN BORROKAK EZ DUENIK BALIO"
Keinu batek ezer alda ezezakela zioten. Gauzak diren modukoak direla, ezin daitezkela irauli, halakoa dela euren egoera "naturala". Beltzek ezin zurien alboan jesarri. Gose direnak ezin soberan duenarena dena uki. Gazteak ezin amestu. Determinazioz eginiko hautu batek ordea aldaketa ekarriko duen mugimendua piztu dezake. Autobuseko eserlekutik ez altxatzea erabaki zuen Rora Parks-ek eta arrazagatiko bereizkeriarekin bukatuko zuen mugimendua gorpuztu zen atzetik. Supermerkatuan ostutako janaria behar zutenei banatzea erabaki zuten SATeko kideek. Supermerkatuan ostutako oinarrizko elikagaiak beharra zutenen artean banatzean sistema kapitalista ankerraren aurpegia erakutsi ziguten. Gazteak kartzelaratzea kostako zitzaiela irmoki esan eta herri harresiaren lehen harria jarri genuen Donostian. Borrokak ez duela ezertarako balio esaten digute behin eta berriz geldirik nahi gaituztenak. Gu zapaltzen jarraitzeko geldirik nahi gaituztenak. Baina gure borreroek sumiso nahi bagaituzte ez al da mugitzea zentzuzkoena? Keinu batekin hasten da dena.
Maiatzaren lehena igaro da eta hile amaieran sindikatu eta eragile sozialek deitutako Greba Orokorraren txanda izango da. Baina gure ahaleginak egun huts horietara soilik bideratzen baditugu, alferrik gabiltza. Maiatzaren 2an ere 1ean bezain beste dugu eraikitzeko. Borroka alferrikakoa dela diotenei, borroka alferrikakoa dela (sin)etsita bizi direnei, nahasiak daudela erakutsiko diegu. Elkarrekin antolatuz, eskuz esku borrokatuz, erabakiak determinazioz hartu eta garatuz, aldaketari ekingo diogu. Gauzak ez dira diren moduan izatez, bizi eredua eraiki egiten da. Noren esku utziko dugu eraikuntza? Miseriarantz garamatzatenen esku ala gutako bakoitzaren esku? Izan gaitezen osotasunean geure bizitzen jabe.
Has gaitezen bada keinu batekin!!! #KEINUBAT"
Informazio gehiagorako: http://www.keinubat.blogspot.com.es/
GAZTE BLOKEA: "EGOERA HAU JASANGAITZA DA"
"Nazkatuta gaude langabeziaz. Nazkatuta gaude praktiketako kontratu prekarioez. Nazkatuta gaude duintasun gabeko enpleguez. Nazkatuta etxebizitza eskubide izan ordez, luxu izateagatik. Nazkatuta gaude emakumeok behin eta berriz patriarkatuak zapalduak garelako. Nazkatuta gaude zapaltzen gaituzten baloreak erreproduzitzen dituzten hezkuntza jasotzen dugulako. Nazkatuta gure etorkizun oparoaz behin eta berriz hitz egin, eta orainaz ahazten direlako ... NAZKATUTA GAUDE GAZTE IZATE SOILAGATIK ZAPALDUAK GARELAKO!!!
Egoera hau jasangaitza da. Gazteoi miseria besterik ez digute eskaintzen. Egoera honetan ez dugu ezer galtzekorik. Goazen batzera, elkarrekin hausnartzera, elkarrekin oihukatzera, elkarrekin borrokatzera ... GOAZEN ELKARREKIN GAZTE BLOKEA ERAIKITZERA!!!
USURBILGO HERRITAR ETA ERAGILE TALDEA: "GREBA OROKORRA BEHAR BEHARREZKOA DA, EZINBESTEKOA"
Krisia hasi zenetik gobernu desberdinak ezartzen ari diren politikek emaitza bakarra izan dute, krisian are eta gehiago sakontzea. Bizi dugun egoera ez da krisi ekonomikoaren ondorioa. Krisiaren aitzakian martxan jartzen ari diren politikoen ondorioa baizik. Politika hauen helburua herritarrak pobretzea eta eskubideak kentzea baino ez da. Betikoak aberasten jarraitzen dutela bermatzeko. Madrilgo gobernuak inposatu egiten du dekretu eta oinarrizko lege bidez, eta Iruñea eta Gasteizko gobernuek gehiengo sozialari eginiko eraso hauei aurre egin beharrean, inposaketak onartzeaz gain, euren ereduan politika antisozial berdinak eta pobretze masiboa dakartenak ezartzen dituzte.
Politika horien norabidea aldatzera behartu behar ditugu. Eta modu bakarra borroka eta mobilizazioak dira. Egiten ari garen bide honek gehiengoa hondamendira garamatza eta badakite. Euskal Herriko instituzioei exijitzen diegu euren lehentasun nagusi eta bakarra ez daitezela izan banka eta multinazional handiak, hemen bizi eta lan egiten dugun herritar orok bizi baldintza duinak izatea baizik. Enplegu duina, kalitateko zerbitzu publiko unibertsalak eta prestazio sozial egokien bidez. Krisiaren hasieratik Euskal Herriko gehiengo sozial langilea honen kontra ari gara borrokan.
Maiatzaren 30erako deitzen dugun greba orokorra behar beharrezkoa da, ezinbestekoa da. Nahikoa da ozen, energikoki eta sendoa da gobernu ezberdinetatik gure eskubideei egiten zaizkien erasoen aurrean.
Baina ez hori bakarrik. Beharrezko salaketa eta borroka honekin batera, urrunago joan behar gara. Alternatiba eraiki behar dugu. Beste eredu bat posible dela aldarrikatzetik eredu hori eraikitzera pasa behar gara. Lehen urratsa Euskal Herriko eskubide sozialen gutuna osatzea izango da. Aldarrikatzetik harago joango den tresna izatea nahi dugu. Euskal gizarte osoaren indarra eta garatzen ari garen borrokak batzeko lehen pausoa. Helburu argi batzuen inguruan, bidea osatzen lagunduko dutenak. Ziur gaude, bide honek Euskal Herriarentzako eta beraz, Usurbilentzako eredu propio batera eramango gaituela, eskubide sozial eta laboralen errespetuan eta justizia sozialean oinarritua. Ez dugu zalantzarik maiatzaren 25 honetan, Euskal Herrian nahiz eta Usurbilen hasten dugun prozesuak indar sozialen korrelazioa aldatuko duela, euskal gizartearen mesedetan. Gainera, borrokarako tresna baliagarria izango da, Euskal Herriarentzako alternatiba eraikitze bidean, eredu ekonomiko eta sozial propioa. Euskal Herrian eta Euskal Herriarentzat erabakia, eta ez elite ekonomikoek erabakia, gehiengo sozial langilearen parte hartzearekin baino. Agerraldi honen bitartez, prozesu sozial honen lehen harria jarri dugu usurbildarrok. Emaitza Euskal Herriko eskubide sozialen gutuna osatzea litzateke. Bide honetan, Euskal Herriko eskubide sozialen gutuna tresna nagusi izango dugun plan sozialari eta prozesu berri honen abiapuntua izango den maiatzaren 30eko greba orokorrari atxikimendua ematen diogu, hemen gauden eragile eta norbanakook.
Azkenik, agerraldi honetan falta diren herritar eta eragileei prozesu berri honetan, eta berau hauspotzeko mobilizazioetan parte hartzeko gonbita luzatu nahi dizuegu. Bereziki maiatzaren 30eko greba orokorrean. Denon artean lortuko dugu, gora gu eta gutarrak!
BURUNTZALDEKO LAB: “ESKUBIDE SOZIAL ETA LABORAL DUINAK. EUSKAL HERRIAN EREDU PROPIO BATEN ALDE"
Behin eta berriro esan dugu krisi honek baduela alternatiba eta arazoa ez dela ekonomikoa, politikoa baizik. Ez da ekonomikoa badagoelako aberastasun nahikoa bizi baldintza duin batzuk ziurtatzeko guzti guztiontzat. Araza da aberastasun gehiena gutxi batzuen eskuetan dagoela. Ez besterik. Hori da arazoa eta konponbidea aberastasuna banatzea da. Krisi honen aurrean egin diren hautu politikoak dira arazoa, beraz.
Miseria zabaltzea eta pobreziara kondenatzea ez da derrigorrezkoa, hautu politiko bat da. Eta zoritxarrez, hori da nagusitu den hautua gobernuetan, hori da nagusitzen den politika instituzioetan aurrekontuetan, behin eta berriro ikusten ari garenez. Gobernuak aldatzen dira baina politikak berdinak izaten jarraitzen dute, herriaren kontra eta herriaren kaltetan hartzen diren erabakiak direla jakinik ere.
Greba deitu dugun eragileok etengabe eta hamaika modutan mobilizatu gara azken urteetan gertatzen ari den guzti honen kontra. Eta instituzioetan dagoenari begiratuz, ez dugu inolako zalantzarik: gauzak benetan aldatzeko dagoen bide bakarra borroka soziala sendotzea da, mobilizazio soziala indartzea.
Aldaketa politikoak eta sozialak egitera behartu behar ditugu. Aldaketa horiek prozesu sozial baten emaitza izango dira, bai ala bai. Horrek batzen gaituelarik, borroka eta mobilizazio sozialari begirako erabaki berriak hartu ditugu greba deitu dugun eragileon artean.
Prozesu sozial bat bultzatzea erabaki dugu beraz, horretarako ditugun tresnarik indartsuenak erabiliz:
1. Lehenengoa, akordio sozial zabalak eraikitzea. Euskal Herriko eragile sozial eta sindikalen artean eredu sozial berri bat eraikitzeko behar beharrezkoak diren adostasunak eta akordioak lortu behar ditugu. Eta hori egitera goaz. Aurreneko akordio handia Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutuna izatea proposatzen dugu.
Eredu sozial berri baten alde borrokatzen ari gara; eskubide sozial eta laboralak aitortu eta ziurtatuko dizkiguna, hori delako bizi baldintza duinak edukitzeko modu bakarra. Eredu berri horren inguruko akordioa izango da gutun soziala.
Eredu berria nolakoa izango den eztabaida sozialaren emaitza izan behar dela erabaki dugu hemen gaudenon artean. Ez dugu onartzen elite ekonomiko bat izatea gure etorkizuna nolakoa den erabakitzen duena. Eta ez gaude eredu sozialaren inguruko erabakiak gaurko instituzio hauen esku uzteko. Ikusten ari gara zer egiten ari diren.
Gutun Soziala egitera eramango gaituen bidea martxan jarriko dugu beraz. Maiatzean egingo dugu aurreneko batzarra. Herritarren parte hartzea bilatuko dugu eztabaida herrietaraino eramanez eta ahalik eta eragile gehien batuz eztabaida honetara.
Gutuna akordio sozial handi bat izango da. Eredu sozial berriaren alde borrokatzeko tresna berri bat. Eredu berriaren aldeko borrokan urrats berriak emateko akordio gehiagoren iturria izatea nahi dugu.
2. Eta bigarren tresna, mobilizazioa eta borroka soziala da noski. Mobilizazio fase berri bat ireki nahi dugu 2009an hasitako dinamikari segida emateko. Maiatzaren 30ean kalera ateratzera deitzen diegu herritarrei. Bizi dugun egoerari ahalik eta erantzunik sendoena ematera deitzen ditugu langileak.
Greba orokorra bizi dugun egoera soziala jasanezina dela adierazteko, aberastasuna banatu beharrean herria pobreziara kondenatzea onartezina dela salatzeko, iragartzen ari diren pentsio erreformari ezetz esateko, azken urteetan inposatu zaizkigun erreformak atzera bota behar direla eta beste bide bat hartu behar dela exijitzeko.
Erreforma berrien atarian gaude eta Gasteizko Gobernuak ikaragarrizko murrizketak burutu nahi ditu. Aurrekontuek aurrera edo atzera egin, Gasteiztik egingo diren politikak berdinak izango dira. Eta hemen gauden guztiak ondorio berdinera iristen gara: aurrekontua egon edo ez egon, Gobernuan bat egon edo bestea egon, politikak berdinak edo antzekoak izango badira, berdin dela nork agintzen duen, hor ez dagoela irtenbiderik. Guk gaur ez dugu instituzioetan egoerari buelta emateko politikarik ikusten eta mobilizazio sozialaren bidez bultzatuko dugu.
Gure aldarrikapenak:
-Erreformak hemen ez aplikatzea.
-Politika berriak egitea babes sozialari dagokionez eta ekonomia erreala suspertzeko.
Horretarako:
-Politikak behingoz eta benetan aldatzea.
-Politika propioak egiteko eskubidea ziurtatuko digun burujabetza eskuratzea.
-Politikak erabakitzerakoan herritarron benetako parte hartzea ziurtatzea.
Hori da maiatzaren 30ean eskatuko duguna, eta greba orokorra eginez eskatuko dugu, gure indar guztiak aldarrikapen hauei begira jartzeko ordua delako. Garaia da politikak goitik behera aldatu behar direla erabakitzeko. Erabaki hori hartzea gure esku dago. Ez dago erabaki hori hartzea edo hautu hori egitea debekatzen duen ezer.
Erabakia hartzeko ez da baimenik behar. Behar dena da euskal herritarrak defendatzea Madrileko erabakien aurrean eta erabaki horien atzean dagoen elite ekonomikoaren aurrean. Hori da instituzioei eskatzen dieguna, baina batez ere, hori da guk egingo duguna.
Bada garaia politikak aldatzeko, eta hori inolako mugarik gabe egiteko behar dugun burujabetzan urrats berriak emateko. Urratsak eman behar dira eta urratsak ematea eskatuko diegu instituzio guzti guztiei.
Guk eremu sozialetik egingo dugu, burujabetza sozialaren ariketa bat eginez. Gure kabuz zein eredu sozial nahi dugun adostuko dugu eta gure borroka antolatzeko dugun gaitasunarekin bultzatuko dugu. Ez dugu zalantzarik: aldaketak prozesu sozial baten emaitza izango dira eta horretara goaz. Orain arteko borrokan urrats berriak emanez. Guk gure erabakiak hartuz.
BURUNTZALDEKO ELA: "HAUTSA HARROTU ETA MOBILIZAZIO GARAIA DA"
Dagoeneko 6. GREBA OROKORRA da Euskal Herrian azken 4 urteetan egiten duguna. 2009. urtean genioena, bete egin da: EZ BADITUZTE BESTE POLITIKA BATZUK EZARTZEN, LANGILEOK ORDAINDUKO DUGU, GUREA EZ DEN KRISIA ETA BIZI ETA LAN BALDINTZAK OKERRERA JOKO DUTE. Ez dituztenez beste politika batzuek egin, Hego Euskal Herriko gehiengo sindikalak eta mugimendu sozialek, maiatzaren 30erako Greba Orokorra deitu dugu.
Galtzaileen itxaropena da mobilizazio eta greba orokorra
Gure lan eta bizi baldintzak estu hartzea erabaki dute eta horretan dihardute, erabat temati. Krisiaren aitzakia denaz baliatzen direlarik, aginte ekonomikoak eta kapitalarenak herritarren gehiengoa pobretzea erabaki du, gutxi batzuen mesedetan. Gainera horretan bidelagun topatu dituzte agintari politikoak haien esanei burumakur eta adeitsu obeditzen dutelarik. Politikak, tamalez, uko egin dio gizarte orekatua eta solidarioa garatzeari. Horregatik hartzen eta garatzen dituzte neurri ekonomiko guztiak jendarte gehiengoaren aurkako neurri bidegabeak dira. Urte askotako borroka luzeen ondorioz lorturiko eskubideak galbahe mehetik pasa eta oraindik geratzen den apurra suntsitzen ari dira. Benetan ikaragarria.
Neurri andana gizartea pobretzeko
Esparru guztiak murriztu dituzte, ongizatea adieraz dezakeen oro murriztu dute. Norbanakoari eragin dion neurriren bat izango da, dudarik gabe, aginte politikoak hartu duena azkena urteotan, baina horrez gain kolektiboa pobretzeko hartutakoak beldurgarriak dira. Eta gu, sindikatua, norbanakoa eta kolektiboa gara. Zor publikoa eta defizitaren mugak ezarri dituzte beti ere zorra bankuei ordaintzeko, zilegitasunik gabekoa bada ere, pentsioei horzkada zorrotza eman diete helduen kalterako eta gazteak erretreta duina izango duten itxaropenarekin amaitzeko, aurrekontu publikoak murrizketen oinordekoak dira eta prestazio sozialak txirotzearen ispilu, zerga-politika eztabaida mediatiko hutsala bilakatu da ezer alda ez dadin, enplegua eta langabezia txanpon bereko xantaiarako gai bilakatu da patronalaren eskutik, lan eta negoziazio kolektiboaren erreforma indar kolektiboa suntsitzeko burutua dago, langileak ahuleziaren bidean kokatuz, krisi ekonomikoari alternatiba ez den soldataren aurkako erasoaldiak atzerakada handiagoa ekarriko duela nabaria da...eta beste hainbat eta hainbat neurri lazgarriak.
Hautsa harrotu eta mobilizazio garaia da
Gizarte aurreratuetan ere jendartearen mobilizazioak ekarri du herritarrontzat makina bat eskubideen aitortza. Ez dago beste biderik, exijitu gabeko oparirik ez baita eskaintzen nolanahi. Agintariek gizartea lokarturik nahi dute, txintik esan gabe onartzea murrizketak gauzatzea beste erremediorik ez dagoela eta laster batean irtengo garela krisi madarikatu honetatik. Bai zera! Ondo asko ezagutzen ditugu beren errezetak, beti betikoen aurka lerrokaturiko errezetak baitira. Baina errepikatzen duten bake sozialaren leloak ez du jendartea konbentzitzen dagoenekoz. Asaldatzeko garaia da, oldartu eta neurri bihozgabeoi aurre egiteko garaia, hain justu. Makina arduradun politikok, patronalaren deklinazio berbera erabiliz hau ez dela mobilizazio eta greba orokorraren ordua, denok elkar lana egitekoa baizik diote. Noiz, horietako arduradun batek egoki ikusi du greba egitea? Inoiz, inoiz ez dira agertu grebaren alde, eta ezta agertuko ere. Zertara dator, bada, esatea orain ez dela momentua? Guk erabaki dugu planto egitea eta kalera irtetea. Demokrazia bera ere badago zalantzan. Makina kasutan, benetan agintzen dutenak ez daude gobernutan, garrantzizko erabakiak hemengo gobernuetatik kanpo hartzen baitira.
Greba orokorra alternatibak mahai gaineratzeko
Alternatiba dugulako, beste politika batzuk derrigorrezkoak direlako maiatzak 30 bitartean greba alternatiba sozializatuko dugu, lantokietan, herrietan eta gizartean oro har. Greba orokorrak klase borrokak indarrean dirauela eta gure interesak defendatzen ditugula gogorarazteko eta indarrak biltzeko balioko digu. Planto egiteko garaia delako, politika neoliberalaren funtsa biluztu eta haiei aurre egiteko garaia delako, beste politika batzuk posible direlako EUSKAL HERRIAN, alternatiba dugulako maiatzaren 30ean denok kalera.
Laburbilduz
GREBARAKO ARRAZOIAK
Zerga-politika zuzena ezartzeko.
Euskal alderdi politikoek baztertu egin dute fiskalitate politika zuzena gauzatzea eta gizartearen zati handi batek hau larrutik ordaintzen du. Erreforma estrukturalak behar ditugu, azken urtetan egindako bidean atzera egiteko eta zerga-politika progresibo eta bidezkoa ezartzeko.
Aurrekontuak gizartearen zerbitzura jartzeko.
Egungo aurrekontu politiken ondorioz langabezia, desberdintasuna eta pobrezia hazi egingo dira. Zerbitzu publikoen kaltetan datoz neurri guztiak, eta beharrizan handia dutenak prestazio sozial urriak izatera kondenatzen dituzte.
Pentsioetako murrizketak ekiditeko.
Pentsioak begiz jo, erretiratzeko adina 67 urtera igo eta prestazioak murriztu nahi dituzte. Honek guztiak bankuei egiten die mesede, pentsio-funts pribatua negozio aukera bikaina baita.
Soldata jaitsierei aurre egiteko.
Jende gutxiagok lan egitea nahi dute, baina ordu gehiagoz eta soldata urriago baten truke. Honek langabezia gehitu eta pobretzea areagotzen du. Aldiz, soldaten alde eginez gero ekonomia erre ala, enplegua eta gizartearen kohesioa defendatzen da.
Patronalaren asmoei aurre egiteko.
Patronalak beste lan erreforma bat eskatzen du hitzarmenen edukiak indargabetzeko. Hau lotsagabekeria bat da. Bestalde, enpresario-klase honek eutsi egiten dio xantaiari eta langabeziaren mehatxuari, enpresetan murrizketak ezartzeko eta etekinak ugaltzeko.
Azken finean, eskubide sozial eta laboral duinak behar ditugulako
Instituzio guztiei Rajoyk inposatu nahi dituen murrizketak ez aplikatzeko exijitzeko: etxebizitzan, zerbitzu publikoetan, osasungintzan, hezkuntzan, menpekotasunean, pentsioetan, langabezia-sarietan, eta abar.
Euskal Administrazioei euren politiketan errotiko aldaketa exijitzeko: gizarte-prestazioetan, hezkuntza sisteman, osasun arretan, etxebizitza eta gizarte-zerbitzuetan ezarritako murrizketak indargabetzea.
Aukera-berdintasun politikak diseinatzeko, lana eta bizitza pertsonala uztartzeko politika eraginkorrak. Lan produktibo eta erreproduktiboaren banaketa.
Aberastasunaren eta lanaren banaketan oinarrituko den lan harremanen eta babes sozialerako euskal esparrua lortzeko.
Eskubide sozial eta laboralen errespetuan eta justizia sozialean oinarrituko den eredu berri baten eraikuntzaren alde egingo duen Eskubide Sozialen Gutuna bultzatzeko.
GORA EUSKAL GIZARTEA ETA LANGILERIA!
GORA GREBA OROKORRA!
MAIATZAK 30ean DENOK KALERA!