Hondakin bilketarik ez, ikastola eta saltokiak itxita, gutxieneko zerbitzuak...

Noaua Aldizkaria 2013ko mai. 29a, 00:00

Ohi denez, pertsianak jaitsita dituztela esnatuko dira ostegun honetan, herriko saltoki, taberna, jatetxe eta hainbat enpresa, gehiengo sindikalak deitu duen greba orokorra dela eta. Eguneroko zerbitzuetan ere etenaldia sumatuko da. Udalean edota hondakinen bilketan esaterako. Egunotan udal langileek etxe atarian jarri dituzten oharretan gogorarazten denez, ostegun honetan ez da hondakin bilketa zerbitzurik izango. “Udal langileek eta Garbitania Zero Zabor S.M.-k ELA eta LAB sindikatuek deituriko greba orokorrarekin bat egitea erabaki dute. Ondorioz, maiatzaren 30ean ez da hondakin bilketarik egingo. Egun horri dagokion hondakin organikoaren bilketa hurrengo larunbatean egingo da, ekainak 1ean. Herritarrei, ostegunean, maiatzak 30ean, hondakinik atera ez dezaten dei egiten zaie”, ohartarazi dute.

Ikastolan klaserik ez
Greba orokorrarekin bat egingo dute baita Udarregi Ikastolako langileek. Honenbestez, maiatzaren 30ean klaserik ez dela izango gogorarazten dute, udarregi.com web orrian zintzilikatu duten oharraren bidez. “Jakinarazi nahi dizuegu, Udarregi Ikastolako langileriak datorren maiatzaren 30erako eginda dagoen greba deialdiarekin bat egiten duela. Beraz, maiatzaren 30ean ez da klaserik izango”, berri eman dute.

NOAUA!ko langileok ere bat egingo dugu ostegun honetarako deitua dagoen greba orokorrarekin. Kultur elkarteko egoitza itxita izango da beraz. Web orria ez da berrituko. Greba egunak emandakoaren berri, biharamunean emango dugu noaua.com atarian, maiatzaren 31n honenbestez. Eta ekainaren 7ko astekarian.

Gutxieneko zerbitzuak
Alor desberdinetan, biharko greba egunerako gutxieneko zerbitzuak zeintzuk izango diren finkatu ditu Eusko Jaurlaritzak eta hartutako erabakiok, Euskal Herriko Agintaritza Aldizkarian kaleratu ditu. Aurreko greba deialdiekin alderatuta, aldaketa handirik ez da antza. Garraio zerbitzuetan, Usurbildik igarotzen diren Euskotren eta Lurraldebus zerbitzuetan besteak beste, ohiko lan egunetako %30ekoak izango dira gutxieneko zerbitzuak. Bus eta tren zerbitzuen inguruko informazio gehiago, 902 543 210 telefono zenbakian edo euskotren.es eta lurraldebus.com helbideetan. 

Ospitaleetan jai egun bateko lan taldea arituko da beharrean. Larrialdi guneek %100ean funtzionatuko dute. Larrialdi egoeretako arreta zerbitzuek jai egun baten moduan.