Batzar eta manifestazioak, biharko greba egunean

Noaua Aldizkaria 2013ko mai. 29a, 00:00

Ostegun honetarako deitua dagoen greba orokorrerako mobilizazioak antolatu dira, baita bezpera honetan ere. Gaur bi hitzordu ditugu, biak arratsaldeko 19:00etarako finkatuak. Batetik, anbulatoriotik abiatuko den auto karabana, Usurbilen osatu den Greba Batzordeak deitua. Eta bestalde, zazpietatik aurrera baita, kanpaldia burutuko du Gazte Blokeak frontoian. Bihar goizera arte egongo dira pilotalekuan. 

"Gazteok bizi dugun zapalkuntza egoeraz nazkatuta Usurbilen gazte blokea osatzen ari gara. Datorren asteazkenean, maiatzak 29, arratsaldeko 19:00etatik aurrera herriko frontoian, gazte blokeak gau bateko kanpaldian parte hartzera animatzen zaitu. Bertan, gazte blokea osatzen jarraituko dugu, gaur egungo egoeraz hausnartu, eztabaidatu eta altenartibak bilatzen saiatuko gara. M-30ko greba orokorraz eta gutun sozialaz ere hitz egingo dugu eta hurrengo egunean, zakuak jaso eta Donostiko manifestazioara joango gara (12:00). Ekarri beharrekoa: gaua pasatzeko beharrezko gauzak (denda, zakua?), afaria (bakoitzak tuperrean zerbait ekarri eta elkar banatuko dugu). AUPA GAZTE!! ELKARTU GAITEZEN!! GOAZEN GAZTE BLOKEA ERAIKITZERA ETA GURE ESKUBIDEEN ALDE BORROKATZERA!!", deitu dute. 

Batzar eta manifestazioak bihar
Gazte Blokeak frontoian antolaturiko kanpaldi honekin emango zaio hasiera, gaur gauerditik aurrerako greba orokor egunari. Ostegun goizean, batzarrak burutuko dira Kaxkoan. Eta lantegietara eramango dute greba eguneko deialdia. 

Eguerdirako manifestazio bana deitu dute Hego Euskal Herriko hiriburuetan. Donostian tartean. Ohi bezala, Gipuzkoako hiriburuan hiru zutabe abiatuko dira 12:00etan. Bat Grosetik, bestea Antiguotik eta hirugarrena Anoeta futbol zelai paretik. Hirugarren zutabe honetara joatera deitzen zaie usurbildarrei, Anoetara alegia. Hiru zutabeak batuta, manifestazioa burutuko da Donostiako erdigunean. Bulebarrean amaituko da.

Arratsaldean berriz, udalerrietan burutuko dira mobilizazioak. Usurbilen, 18:00etan manifestazioa deitu da. Hitzordua, ordu horretan, frontoi inguruan.

Zehaztasun gehiagorekin, hona hemen, egunotarako mobilizazioen egutegia:

Maiatzak 29, asteazkena
19:00ak aldera, Gazte blokearen kanpaldia frontoian. 
19:00 Kotxe karabana anbulatoriotik.

Maiatzak 30, osteguna
Goizean,
 batzar informatiboa.
12:00 Manifestazioa Donostian. Hiru zutabe abiatuko dira, Anoeta, Gros eta Antiguotik. Usurbildarrei, Anoetara joateko deia egiten zaie.
18:00 Manifestazioa Usurbilen.