Eskubide sozial eta laboral duinen alde, Hego Euskal Herriko gehiengo sindikalak eta hamarnaka eragilek atzorako deituriko greba orokorrak jarraipen ia erabatekoa izan zuen Usurbilen. Goizean goizetik nabaria zen, deialdiak izandako harrera. Kaxkoan osteratxoa egin besterik ez zegoen, grebak zer nolako eragina izan zuen ikusteko. Panorama, ohiko greba egunetakoa. Saltoki eta tabernek pertsianak jaitsita zituzten. Eguraldi kaxkarra izanda gainera, kalean apenas herritar mugimendurik ez.
Greba eguneko lehen orduek emandakoaren berri eman zuten, 9:30ak aldera frontoian burutu zen eguneko lehen batzarrean. Industria guneetan grebarekin bat egindako lantegiak nagusi zirela zioten. Zenbait lantegi atarietan auto batzuk aparkatuta ikusten ziren, baina aipaturikoa, greba orokorrak jarraipen zabala izan zuen herrian ditugun lantegietan. Salbuespen bakarretakoak, Michelin edota Urbil merkatalgunea. Egunean zehar, hainbat pikete informatibo egin ziren batean zein bestean, greba orokorrarekin bat egitea eskatzeko. Urbilen kasuan, Buruntzaldeko udalerrietako ehunetik gora herritarrek parte hartu zuten merkatal guneko pikete informatiboan. Ertzaintzaren presentzia nabaria izan zen une oro.
Eguerdian hiriburuan, arratsaldean herrian
Mobilizazio eguna ere bazen atzokoa. Hasteko, eguerdian Hego Euskal Herriko hiriburuetan manifestazio bana deitu zuten sindikatu eta eragileek. Donostian buruturikoak, Antiguo, Gros eta usurbildarrak tartean zituen Anoetako zutabeetatik abiaturiko herritarrak batu zituen. Hiriburu erdigunetik eginiko manifestazioa, Bulebarrean amaitu zen, sindikatuetako ordezkarien adierazpenekin.
Arratsaldean udalerrien txanda heldu zen. Herrietan deituriko mobilizazioek hartu zuten lekukoa. Eguraldi kaxkarrari aurre eginez, manifestazio jendetsua burutu zen, "Euskal Herriak eredu propioa. Eskubide sozial eta laboral duinak" lemapean. Kaxkoko kaleak zeharkatu ostean, abiapuntuan, pilotalekuan amaitu zen mobilizazioa.