Gaur ez da giro kanpoan ibiltzeko. Halere, aterki eta guzti etxetik kalera doanak adi, Euskal Telebistako kameraren batekin topo egin dezake eta. Aldaketarik ez bada, eitb.com web orrialdetik iragarri dutenez, ETB-ko lan talde bat Usurbilen izango da gaur. Euskaraz emititzen duen telebista kateko "Bost Baietz" lehiaketa berriko atal bat, udalerri honetan grabatzekoak dira, ostiral honetan. Eta Julian Iantzik aurkezten duen saio honetarako lehiakide bila dabiltza. "Julian Iantzi aurkezleak lehiakideak aurkitzen ditu gure herrietako kaleetan eta milaka euro banatzen ditu astero herritarren artean", hala dio eitb.com atariak.
Lehiaketaren mekanika nolakoa den, web orrialde berean azaldu dute. "Lehiakideak kalean bertan harrapatuko ditu Iantzik. Bost minututan hainbat galdera egingo dizkie parte hartzaileei eta hauek dirua irabazteko aukera izango dute. Denetariko galderak izango dira kultura, kirolak, geografia, gaurkotasun albisteak… baina asko Euskal Herriarekin lotura dutenak izango dira. Hasieran errazagoak eta aurrera egin ahala zailduz joango dira", ohartarazten dute.
Herritarrek banaka parte har dezakete, baina kalean laguntza bila ere joan daitezke. "Herritarrek erantzun zuzena bota beharko dute, bakarrik jokatu dezakete baina ondotik pasatzen den edonori ere laguntza eskatu diezaioke. Zenbat eta arinen erantzun galdera gehiago egiteko eta diru gehiago irabazteko aukera izango dute. Bost minutuko erronda amaitu ondoren, lehiakideak bi aukera izango ditu: diruarekin planto egin edo proba batean parte hartu, lortutako dirua bikoiztu edo dena galtzeko arriskuarekin", berri eman dute eitb.com ataritik. "Bost baietz" saioa, astelehenetik ostiralera emititzen du ETB 1-ek, gaueko 21:15etatik aurrera.