Imanol Urbieta omenduko dute, igandeko Ikastola Egunean

Noaua Aldizkaria 2013ko mai. 31a, 00:00

Ikastola Eguna ospatuko da igande honetan, ekainaren 2an. Goizetik arratsaldera ekitaldi desberdinekin girotuko dute eguna, Udarregiko ikasle, irakasle eta gurasoek. Hona hemen, lotu duten egitaraua:

Ekainak 2, igandea
9:00-11:30 LH eta DBHko ikasleekin jolasak ikastolako patioan.
10:00-13:30 Teknologia eta eskulanen erakusketa ikastolan.
12:00 HH-koen ikuskizunak 25 urte, Oiardo Kiroldegian. Imanol Urbietari omenaldia.
14:30 Bazkaria frontoian. Sarrerak salgai Ikastolako idazkaritzan.
Ondoren, dantzaldia.

Gogoan izan, tartean, Haur Hezkuntzakoen ikuskizuna izango da 12:00etan Oiardo Kiroldegian. 25 urte bete ditu emanaldi honek. Eta mende laurdena, Imanol Urbieta omenduz ospatuko dute. Gai honen harira, NOAUA!-k ikuskizun honen antolatzaileak elkarrizketatu ditu. Hona hemen elkarrizketa, bere osotasunean:

IMANOL URBIETAREN OMENEZ
Urteetako ahalegin eta ilusioari esker, antolatzaileek dioten moduan, Usurbilen ospatzen diren ekitaldi klasikoen artean dugu. Herri honetako belaunaldi oso bateko kide gehienek parte hartu dute, ehunka haurrek, mende laurdena bete duen Ikastola Eguneko Haur Hezkuntzakoen ikuskizunean. Igandean, 12:00etan Oiardo Kiroldegian ospatuko dute 25. urteurrena, ikastolarentzat erreferente bat izan den Imanol Urbieta kantagilea omenduz. “Garrantzi handia eman dio Udarregi Ikastolak Imanolen musika pedagogiari eta beti saiatu da musika heziketa ildo horretatik bideratzen. Imanol Urbietak haurraren munduan makina bat lan eta grabazio eginak ditu eta zer hobeto omenaldia haurra berak eskaintzea baino?”, diote Udarregitik.


Emanaldiok ospatzeko ideiaren abiapuntua zein izan zen?
Udarregiko HH-ko irakasleak. Kalezarren, udaberrian gauza asko egiten genituen. Kantuan eta dantzan aritzen ginen, baina ikuskizunik ez genuen antolatzen. Talde batek egiten zuen, ez denak batera. Orduan, denok batera zerbait antolatzea bururatu zitzaigun. Euskal Telebistara deitu eta dena grabatzera etorri ziren.

Usurbildik kanpora ere zabaldu zen beraz lehen ikuskizun hura?
Ikaragarria izan zen. Gero emititu zuten, gordea dugu. Prozesu osoa grabatu zuten; haurrek jantziak nola egiten zituzten, muralerako marrazkiak, entseguak eta ikuskizun bera.

Atzeko lanketa ere badu ikuskizunak, egunerokoan txertatzen duzuen antolaketa lana?
Aste Santu ostean hasten gara prestatzen. Lehenbizi musika da ardatza. Gai bat aukeratzen dugu eta gero, maila bakoitzerako kantak aukeratzen ditugu. Hasieran oso ideia abstraktua da, baina gerora itxura hartzen doa. Gaia zein den jakinda, horren inguruan antolatzen eta lantzen hasten gara; horma irudirako marrazkiak egiten, bizitzen…

Nola hautatzen duzue musika?
Askotan gaia ere ez da hartzen aurrena. Musika asko entzun behar da. Uneren batean etortzen da inspirazioa. Musika horrekin antolatzen da gaia eta gainerakoa.

Urteotan, ikuskizunaren tamaina handitzen joan da. Nola bizi izan duzue eboluzio hori?
Guretzat urterokoa, lan berdina da, ekitaldia bera da. Baina toki desberdinetan desberdin ikusten da. Kiroldegia toki itxia izanda egun, musika hobeto entzuten da, haurrak ere askoz hobeto daude, ez dira hainbeste galtzen. Antzoki kutsua hartzen du Kiroldegiak. Bildua da eta gainera, geureganatu egin dugu. 14 metroko horma irudia egiten dugu, gauza gehiago jartzen ditugu. Eta gero musika da, dena biltzen duena. Urtero gainera, musika berarekin hasi eta bukatzen da eta urtero hunkitzen gara musika horrekin. Ikaragarri.

Irakasleon artean ere koordinazioa eskatuko du lan honek guztiak?
Bai, laguntzeko prest egoten gara beti eta horrek errazten du. Ideiak hartzeko eta beste lanetarako orain arte ondo moldatu gara. Oso garrantzitsua da.

Publikoa zuei begira egon ohi da ikuskizun egunean, baina zuek nola ikusten duzue bertaratzen diren haurren senide eta lagunak?
Umeekin gaudenez, ez gara jabetzen. Egia da bukaeran, asko etortzen direla eskertzera eta emanaldia ze polita izan den esatera. Gerturatzen diren horiek hunkituta ikusten dira. Emakume batek esaten zigun behin, sentitzen zuela baina ezin zuela gure ikuskizunak ikustera etorri. Musikak negar gurea ematen ziola emanaldi hasieran eta ikustera joateri utzi ziola. Beste batzuen kasuan, pena sentitzen dute. HH amaitzear zuten bi umeren senide bat, urtebete barru emanaldira ikustera ezingo zuela etorri zioen  behin. Aiton amonak ere oso urrutitik etorri izan zaizkigu, opor egunak albo batera utzi eta bilobak ikustera. Emozioa handia da.

Gurasoen inplikazioa ere tartean izango da?
Laguntza eskatu izan zaienean oso gustura etorri izan dira. Ikuskizuna, beraiei eskainitakoa da. Haientzat ere sorpresa izaten da askotan. Gaia jakiten dute, baina gurasoei ere ez zaie dena aurreratzen, sorpresa puntu hori ematen ere ahalegintzen gara. 

Haurrentzat, inpresioa handia Kiroldegira sartu eta bat batean hainbeste jenderen aurrean topatzea?
Bai, baina inauterietan ere aurretik aritu direnez, badakite zer den. 3 urtekoentzat zer den, inauterietan pasea izaten dute. Jendearekin egoten dira eta oso ondo gainera. Emozioa bizitzen dute haurrek. Batez ere 5 urtekoek, kontziente direnean zer ondo egiten duten. Umeek halako ikuskizunetan egoten ikasten dute. Jendearen aurrean, bere beldurrak gainditu egiten dituzte, lotsa... dena. Oso interesgarria ikusten dugu guk. Gurasoek ezustekoak izaten dituzte emanaldiotan, seme-alabak ikusita. Nola egoten diren, adi-adi gozatzen, emanaldia luzea izan arren.


Esperientzia, kasu honetan ere erabakigarria izango da?
Prozesu bat da. Lehen 2 urtekoak, emanaldian ibili egiten ziren. 3 urtekoak pausoak erritmo gehiagorekin, 4 urtekoak jada dantza eta 5 urtekoek, gozatu egiten dute. Eboluzioa ikusten da, 2 urtetik 5era. Dantzak ere eurei egokitutakoak izaten saiatzen gara. 2 urtekoak ikusten bagenituen gurasoena alde egiten zutela, joaten uzten genien. Natural. Emanaldi honi grazia gehiena, naturaltasunak ematen dio. 5 urtekoen kasuan, entseguak serioago egiten dituzte eta gurasoen aurrean jakin behar dute ondo dantza egiten. Behin automatizatzen dutenean, ondo egiten dute. Haurrek ere beraiena egiten zerbait egiten saiatzen gara. Agian jantzi guztia, edo detaileren bat. Hor ere, emanaldiko parte sentitzen dira eta horretan ere asko gozatzen dute.

“Umeen musika aldetik, erreferente bat da”
25. urteurrena, berezia. Imanol Urbieta omenduko duzue? Zergatik?

Ikastola sortu genuenean, musikari eman nahi genion garrantzia, bizitzarako hain garrantzitsua izanda. Imanol Urbietarena joatea erabaki genuen. Berak esan zigun bazuela lan honetan oso ondo arituko zen norbait, Jaione Eskudero. Imanolen jardun hori oso egokia ikusten genuen, baloratu egiten genuen. Kanta asko eta asko bereak dira. Jaione etorri zitzaigun eta guk ere piloa ikasi dugu. Imanol bera etorri zen behin, musika pedagogiari buruz hitz egitera. Bere ildotik jarraitu dugu lanean.

Imanol Urbietaren pedagogiak zer berezitasun ditu?
Imanolek musika beti, esperientziarekin lotuta ikusi du. Umeak bizi behar du, momentu giro batean, berak sortu duen bezala. “Lanroberra” abestiarekin bezala. Errea ahoskatzeko arazoarekin sortu zuen abesti hau. Umeak mugimendua behar du, behar du erritmoa sentitu, kanturako. Adierazpen bat da, barru barrutik irten behar duena. Musikaren bidez adierazpen horiek kanpora ateratzen laguntzen dugu, umeak konturatu gabe noski.

Imanolek eginiko ekarpena handia da?
Dudarik gabe. Umeen musika aldetik erreferente bat da. Irakasten gabiltzan denok Imanol Urbietaren abestiak ezagutzen ditugu. Bera da gure erreferentea.

Urbietak ikastolari eginiko ekarpena, nola islatu asmo duzue igandeko emanaldian?
Bere musikaren bidez. Emanaldirako musika klasikoa, aukeraturiko gaiari loturiko edozein musika erabiltzen dugu. Aurten gainera, Wagner jaio zeneko 200. urtemuga ere bada. Gure sintonia berari lotua dagoenez, berarekin hasiera emango diogu ekitaldiari. Eta jarraian, Imanol Urbietaren musikarekin egingo dugu dena.


ETB-KO GRABAZIOTIK, URBIETA OMENTZERA
Euskal Telebistak erakutsi zuen, Udarregi Ikastolako Haur Hezkuntzako ikasleen estreinako ikuskizuna; “Udaberria” izenekoa. Emanaldia bera, eta aurretik egin behar izaten den prestakuntza lan osoa plazaratu zuen ETB-k 1989. urtean. Hedapen harekin abiatu zuen Udarregi Ikastolak, hutsik egin gabe, ordutik urtero Ikastola Egunez eskaini duen ikuskizunaren antolaketa lana. Udarregi Ikastolako patioan lehenik, Oiardo Kiroldegian 1992az geroztik. Mende laurdena igaro da ordutik. Hauexek urtez urte, Haur Hezkuntzakoek antolatu dituzten ikuskizunen izenburuak:

 

1989- “UDABERRIA” (ETBk grabatua)

1990- “HERRIKO FESTA”

1991- “AFRIKA”

1992- “ITSASOA”

1993- “EUSKAL JAIA”.                       

1994- “UDARREGI FILM”

1995- “MENDIA”

1996- “ZIRKOA”

1997- “JOSTAILUAK”

1998- “ORTZIA”

1999- “LANBIDE-LAN” (Eta gu handitan zer?)

2000- “KONTU KONTARI KANTA KANTARI”

2001- “GARRAIOAK”

2002- “ITSAS BARRENA”

2003- “HAI-SU, UR-LUR” (4 ELEMENTUAK)

2004- “UDARREGI PARK”

2005- “UDARREGI JATETXEA”

2006- “ERDI AROA”

2007- “BOLON BAT ETA BOLON BI”

2008- “NOR DA INDARTSUENA?”

2009- “MAKRO EKITALDIEN 20. URTEURRENA”

2010- “GU ERE BAI!!”

2011- “SUSTARREGIKO FRUTAK”

2012- “DATORRENARI, AGUR!!”

2013- “IMANOL URBIETARI ESKER