Irteera eta proiekzio bana antolatu ditu Andatza Mendizaleen Kirol Taldeak, asteburu honetarako. Lehen hitzordua, ostiral honetarako, ekainaren 7rako iragarri du. 25 urteetan Pirinioetan egin dituen hiru milakoak argazkietan bildu eta orain, irudi bilduma osoa jendaurrean aurkeztuko du Patxi Azpirotz herritarrak. Andatza Mendizaleen Kirol Taldearekin batera, diaporama saioa antolatu du, aipatu moduan ekainaren 7rako, 19:30etatik aurrera Sutegin. Azpirotzek oroitzen duenez, bere lehenengo hiru milakoa “Balaïtous izan zen 1979an. 25 urte beranduago, 2004an, nire 212. hiru milakoa igo nuen, Perdido Mendiaren Hatza”.
Argazkietan beraz, igoera guztiok islatuko dira. Mendien inguruko datuez gain, mendien izen eta garaierak ere jaso baititu saio honen egileak. Argazkietan Patxi bera ageri da, eta urteotan bidaia lagun izan dituenak. “Hiru milakoak egiteko orduan, 25 urte hauetan, lagun askok lagundu didate. Hainbat kasutan usurbildarrak. Baina badaude lasartearrak, zarauztarrak, azpeitiarrak, hernaniarrak, donostiarrak, pasaiatarrak, andoaindarrak, tolosarrak, eibartarrak, elgetarrak, bergararrak, debatarrak, mundakarrak, bermeotarrak”, dio Azpirotzek. Musikak girotuko du diaporama saioa.
Lokiz mendizerrara irteera igandean
Proiekzioarekin batera, Nafarroa mendebaldera, Lokizeko mendizerran barrena, 18 kilometroko ibilbidea prestatu dute Andatzakoek, iganderako, ekainaren 9rako antolatu duten irteerarako. Narkuetik Urbisurako bidea osatuko dute, tartean, Arlaba mendia eta Lokiz zeharkatuz. Amaieran, otordua egiteko Urbisuko elkartean bilduko dira guztiak. Irteera ordua, goizeko 6:30etarako jarri dute Oiardo Kiroldegian. Joan etorria autobusez egingo da. Izen emateko, Andatza Mendizaleen Kirol Taldeak Kutxabanken duen kontu korronte zenbakian, ordainketa egin behar da, asteazken hau, ekainaren 5a baino lehen: 2095 5069 07 1068489805. 27 euro Andatzako bazkide eta langabetuek, 30 euro gainerakoek. Plazak mugatuak izango dira. Lehentasuna, Andatzako bazkideek izango dute. Informazio gehiago, andatza.com web orrialdean.