Sarrikotapeako bizilagun taldea duzue irudian. Sarrikotapea, Zuberoako udalerri txiki bat da, 240 biztanlekoa. Larunbat goizean Usurbilen izan ziren, hemen burutzen den atez ateko bilketa sistema ezagutzen. Orain arte bezala, hondakinak nahasian bildu eta zabortegietara garraiatzeko ereduen aurrean, bestelako alternatibak badirela ezagutzeko aukera izan zuten. Hain zuzen, Ipar Euskal Herriko hondakinen biltoki lanak egingo lituzkeen zabortegi bat eraikiko dieten mehatxupean bizi dira Sarrikotapeako eta inguruetako bizilagunak. Egitasmo honen aurka lanean ari da, ekainaren 1ean Usurbilen bisitan izan genuen lagun taldea. Aipatu moduan, udalerri honetako atez ateko bilketa esperientziaren berri jasotzeko aukera izan zuten Sarrikotapeako bizilagunek. Baita auzokonpostatze esperientziak bertatik bertara ezagutzekoa ere. Udalerritik ibilaldia egin zuten.
Konposta egiteko ikastaroa asteazkenean
Urte amaierara arte oraingoz, hilero lehen asteazkenetan, konpostatzen jakiteko ikastaroa antolatuko du Usurbilgo Udalak, arratsaldeko 19:00tan Potxoenean. Lehen saioa, etzi, ekainaren 5ean izango da. “Gonbitea luzatzen zaizuze, konpostatzen hasi nahi duzuen bizilagun orori, izena emanda eta itxarote zerrendan zaudeten auzokonpostalariei edota, konpostaz zalantzak argitu edo gehiago ikasi nahi duzuen guztiei”, berri eman dute Udaletik.
Antolatzaileek gogorarazten dutenez, jada 630 familiek baino gehiagok konpostatzen dute, “etxean edo auzoan, eta modu honetan, hilero ia 12 tona hondakin organiko herrian konpostatu eta bertan geratzen dira, gure baratz eta lurren mesederako. Eskarmentua badugu beraz”.