Egun pasa polita atzo, guraso, ikasle eta irakasleentzat

Noaua Aldizkaria 2013ko eka. 3a, 00:00

Ze ondo pasatzen duten. Urtez urte antzeko irudiak errepikatzen dira Ikastola Egunean. Aurpegiak aldatzen doaz, batzuk ikasketetan aurrera egin ahala ikastolatik badoaz, bertan daudenak hazten eta hezten, baina haietako askoren irribarrea ez da sekula ezabatzen. Aurten ere, iragan igandean ospatu zen Ikastola Egunean, goizean egin ziren jokoetan gogotsu parte hartu zuten LH eta DBH-ko ikasleek. Guraso, senide eta herritarrak erakarri zituen eguneko lehen hitzordua izan zen. Gehiagorako eman baitzuen Ikastola Egunak. Ikasleek eginiko eskulanen erakusketa zabaldu zuten. Eguerdiko Haur Hezkuntzakoen ikuskizunaren ostean bestalde, frontoia guraso, irakasle eta batez ere, ikasleez bete zen, aurtengoan, Udarregiko aita amek prestatu duten bazkari goxoa dastatzera. Sabela bapo bete ostean, bertaratu zirenak dantzarako tartea hartzekoak ziren.