Ekitaldi arin eta entretenigarri baten bidez borobildu nahi du Gipuzkoa Zero Zabor (GZZ) mugimenduak eta udalerrietako zero zabor taldeek elkarlanean, asteotan herriz herri ospatu den Mundumob ekimenaren amaiera. Larunbatean, ekainaren 8an, arratsaldeko 18:00etatik aurrera Donostiako Bulebarrean burutuko den saioarekin hain zuzen. "Guztiok izango dugu lekua bertan, dantzatuko ez dutenak eta dantzatuko dutenak. Oraindik koreografia jakin ez eta ikasi nahi duenarentzat entseguak izango dira 5etatik ekitaldia hasi bitartean", iragarri dute antolatzaileek.
Hitzordura gerturatuko direnen artean izango da Joan Marc Simon, Zero Waste Europeko koordinatzailea. Eta harekin batera, Gipuzkoako txoko desberdinetatik etorritako herritarrak espero dira. Antolatzaileek Bulebarrean deitu duten ekitaldia, herrialde mailakoa izango baita. "Gipuzkoar guztiei dei egiten diegu etorkizun iraunkor baten aldeko Donostiako zitara. Guztion artean mundu hobeago bat daukagu eraikitzeke", adierazi dute GZZ-tik. Gaineratzen dutenez, "ekimenaren bidez, hondakinen kudeaketan ere oinarri izan beharko lukeen printzipioa aldarrikatzen ari gara. Guztiok daukagu mundua aurreko belaunaldiek jaso zuten aukera berdinekin jasotzeko eskubidea, eta ondorioz, guztiok daukagu hurrengo belaunaldiei mundua jaso dugun aukera berdinekin uzteko betebeharra. “Eman hartu nahi duzun mundua” leloan laburtu dugu ideia. Herriz herri eskuetatik eskutara dabilen mundubolak irudikatzen du mezua".
Mundumob maiatzaren 4an abiatu zuten Orendainen. Ordutik 30 udalerri baino gehiagotan ospatu da, mundu bola baten irudia protagonista izan eta dantza koreografiatu batean oinarrituriko ekimena. "Eman hartu nahi duzun mundua", aldarria lau haizeetara zabaldu nahi duen Mundumob alegia. "Ekimenak, herriz herri lau astetako ibilbidea egin du dagoeneko, eta 30 herri baino gehiagotan izan da aldarrikatzen dugun etorkizun baikor eta itxaropentsu hori giro alaian irudikatuz. Ekimen honen bidez, gipuzkoarrak batzen gaituzten ideiak indartu nahi izan ditugu, liskarrak eta zatiketak alde batera utziz, hondakinen kudeaketa ezegokiaren arazoari irtenbide eraginkorra elkarrekin eraikitzeko dei eginez", berri eman dute.
Entseguak, ekitaldi aurretik eta bezperan
Larunbat arratsaldeko 18:00etan burutuko da Donostiako Bulebarrean, Mundumob ekimenaren amaiera. Dantza saioa ez dakienak, lasai egon dadila. 17:00etatik aurrera ordubetez, Bulebarrean bertan ikasi ahal izango du. Bezperarako, ostiral honetarako ere, ekainaren 7rako, entsegu saioa antolatu du baita Zubieta Lantzenek, arratsaldeko 19:00etatik aurrera Zubietako Eskola Txikian.
Irudia: Gipuzkoa Zero Zabor.